Zergak jaisteko akordioa lortu du Alemaniako gobernu koalizioak

Oposizioaren laguntza beharko du, neurria eskualdeak ordezkatzen dituen ganberan aurrera atera ahal izateko

Erredakzioa
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Alemaniako gobernu koalizioa osatzen duten hiru alderdiek erreforma fiskala proposatzeko ados jartzea lortu dute. Negoziazio korapilatsuen ondoren, akordioa igande iluntzean jakinarazi zuen Angela Merkel kantzilerrak. Merkelen alderdi CDUk, Bavariako CSUko kontserbadoreek eta FDPko liberalek osatzen dute koalizioa.

Erreforma 6.000 milioi euro kostatuko zaio Alemaniari, aurrera ateratzen bada, eta, batez ere, bi alorretan eragina izango du. Alde batetik, zergak ordaintzetik salbuetsita dauden diru sarrerak handituko dira. Bestetik, soldata igoerak daudenean zergapekoari ezartzen zaion tasa igoera apalduko da. Era berean, umeak haurtzaindegi publikoetara eramaten ez duten gurasoei diruz laguntzea aurreikusi dute.

Erreforma fiskalaren tamainari eta ezarpenari buruz ezadostasun handiak izan dituzte Merkel sostengatzen duten alderdiek. Azkenean, zerga murrizketa bi fasetan gauzatuko da. 2013. urtean lehen aldaketak gauzatuko dira, eta 2014. urterako osorik jarriko da martxan.

Erreforma fiskala FDPko liberalentzat lehentasunezkoa zen, haien hauteskundeetako eskaintza nagusia izan baitzen zerga jaitsiera. Edonola ere, gobernu akordioa iragarri zenean, 24.000 milioi euroren pareko zerga murrizketak iragarri ziren, eta oraingoz proposatu dena urrun geratuko da.

Babes gehiagoren bila

Diru sarrera txikiak edo ertainak dituzten pertsonei lagunduko dien erreforma dela defendatu du Merkelek. Era berean, hazkundea sustatzeko balioko duela ziurtatu du, G20koen bileran Alemaniak barne eskaera eta kontsumoa sustatzeko neurriak hartuko zituela jakinarazi ondoren.

Erreformak Lander eskualde federatuei eragingo die. Horiek ordezkatzen dituen ganberan, Bundesraten, koalizioak ez du gehiengorik, eta oposizioaren babesa beharko du. Ez du erraza izango, SPDko sozialdemokratek aurka daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.