Jose Juez. Hegan klusterreko zuzendaria

«Zergatik blokeatzen gara erabakiguneen kontuarekin?»

Aeronautika hazten ari den sektore bat da Euskal Herrian. Krisiak zurrunbilo batzuk sortu dituen arren, «abiadura konstantea» hartu duela uste du sektore horretako enpresak biltzen dituen taldeko arduradunak.

Jon Fernandez.
Zamudio
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Eskuan plastikozko panpina txiki bat duela ailegatu da elkarrizketara Hegan aeronautika klusterreko zuzendaria. «Hauxe da datorren iraultza handia», azaldu du, Universal Studios etxearen Minion marrazki bizidunaren forma duen pieza zuriari begira. 3D inprimagailuan egindako panpinatxoa da, eta sistema berarekin aeronautikako piezak egiten hasiak direla dio Jose Juezek (Portugalete, Bizkaia, 1965). Iraultza hasi besterik ez da egin, eta izugarri arinduko ditu produkzio erritmoak. I+Gn inbertitu behar dela azpimarratu du. Heganek azaro amaieran aurkeztu zuen 2017-2020rako plan estrategikoa.

I+G inbertsioen maila %8,4 da sektorean, baina jaitsi egin da 2012ko 194 milioi euroetatik iazko 163 milioietara.

1990ean sortutako sektore bat da, eta hasieran esfortzu handia egin zuen: %15etik gorakoa zen inbertsioa. Erritmo horri ezin zaio eutsi: %8 da batezbestekoa sektorean Europan. Orain egonkortu egin gara; abiadura konstantea hartu dugu. Jaitsi ez da egingo, merkatuak berak exijitzen baitu ikerketan inbertitzea.

Enplegua, berriz, ez da igo fakturazioaren arabera. Iaz %10 igo zen fakturazioa, eta enplegua %0,8 jaitsi zen. Zergatik?

Pila bat faktore daude. Plantak mundu guztian daude, eta zirkunstantziak oso ezberdinak dira. Bilakaera orokorra begiratu behar da. Krisi garaia igaro dugu, eta, urte batzuetan geldirik egon ostean, apurka-apurka igotzen ari da enplegua. 12.440 langile ditugu munduan, horietatik 4.225 hemen.

Zer garrantzi ematen diozu erabakigunea berton izateari? ITP Rolls-Royceren esku geratu berri da, eta, beraz, erabakigune nagusia Zamudiotik Londresera mugitu da.

Daukan inportantzia eman behar zaio horri. Etorkizunerako apustu oso argia egin du Rolls-Roycek; bera egon da FAZ Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren sorreraren atzean ere. Ez da egia erabakigunea Zamudiotik Londresera joan denik. Rolls-Roycek nahi duena da ITP izatea aurrerantzean ere presio txikiko turbinen fabrikatzaile nagusia Espainian. Erabakigunea berba sakratua da: urduri jartzen gaitu. Zergatik blokeatzen gara erabakigunearen kontuarekin?

Beldur bat badago horren atzean: enpresak lurraldearekiko izan dezakeen inplikazio txikiagoaren ondorioz, enplegua errazago ezaba dezaketela.

Jakina, ez dut friboloa izan nahi. Hori dago atzean, baina ematen ari naizen argudioak ere badu pisua. Lana, balio kateak, hornitzaileak, entsegu zentroak eta zentro teknologikoak hemen dauzkate. Hemen lan egin behar dute, oso lehiakor izanda. Horixe nahi du Rollsek. Gainera,ITPren egoitza soziala hemen mantendu du.

Aernnova saiatu zen Araban 133 langile kaleratzen eta produkzio zati bat Toledora eramaten.

Ez zen hala izan. Kontua da aldi berean eman zuela bi gertakariren berri. Berantevillako plantan lan falta zeukan, planten automatizazioari lotutako arazo bat; baina Toledokoa beste kontu bat zen. Ezin ziren hemengo langileak hara bidali. Enpresak aitortu zuen komunikazioa ez zuela ondo egin.

Arantza Tapiak «xantaiatzat» jo zuen Aernnovaren jokaldia.

Batera komunikatu zutenez, gaizki ulertu zen. Baina Aernnovak harreman oso ona dauka berriro gobernuarekin, eta Arabarekiko apustua serioa da.

Dena dela, enplegua txikitu zuten azkenean.

Ez zen beste aukerarik geratu, baina aldi baterako neurria da. Berantevillako plantara bazoaz, ikusiko duzu automatizatzen ari direla, planta horren aldeko apustua egiten ari direla. Bezeroek esaten diete produkzio denborak txikitu behar dituztela, eta horretarako ari dira prestatzen.

Automatizazioak beti esan nahi du lanpostu gutxiago?

Ez beti. Enpleguaren eraldaketa esan nahi du: formakuntza. A egiteari utziko diote langileek, eta B egiten hasi. Kontua da prozesuak ez direla ez matematikoak, ez linealak.

Lan kostuak handiegiak direla dio patronalak. Hala uste duzu?

Esaten badute, arazoa ikusten dutelako esango dute. Betiko oreka da: merkatuan eutsi behar diozu, eta pagatu egin behar diezu pertsona batzuei. Eduki izan ditugu negozio aukera batzuk, eta lan kostuek pisua izan dute inbertitzaileentzat. «Korean egiteko aukera daukat», esan ziguten, eta hara joan ziren. Errealitate bat da; oro har, bizi maila ona daukagu. Baina egia da krisi urte batzuk pasatu ditugula, eta esango nuke soldatak nahiko doitu direla.

Petrolioa merkatzeak eragin du merkatuan?

Bai, helikopteroen arloan eragin zuen. Klusterrean aliantza bat egin genuen Turbomecarekin duela bi-hiru urte, baina zain gaude oraindik; ez da une egokia.

LPEEren azken erabakiak Brent upela apur bat garestitu du.

Pentsatzen dut goraka jarraituko duela, eta berriz aktibatuko dela helikopteroen ekoizpena. Uste dut hilabete batzuetan Turbomecaren taldeak planari berriz ekiteko aukera izango duela.

Heganen plan estrategikoaren ardatzetako bat 4.0 lankidetza da. Zer da zehazki?

Elkarlanari buelta bat eman behar zaiola esateko modu bat da. Lankidetza konfiantza kontua da, eta handia daukagu Heganeko enpresen artean, baina lehia ere badago; beti agertzen dira teknologia eta produktu berriak, eta batzuk aurrerago jartzen dira.

Klusterrak lankidetza errazteko rola jokatzen du?

Lehiakortasuna lankidetzaren bidez hobetzea da gure helburua. Dinamizatzaileak gara. Elkarrizketa batean parte hartzea bezala da: batek gauza bat esaten du, besteak beste bat, eta... Hara! Ideia bat sortzen da, bestela sortuko ez zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.