Zergen bilketa %2,5 jaitsi da uztailera bitartean Bizkaian

Aurreikuspenak okertu, eta zerga itunduen aurrekontuaren %42,8 bildu dute urteko lehen zazpi hilabeteetan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Urtarriletik uztailera bitartean zergen bilketa %2,5 jaitsi da Bizkaian. Guztira, 2.795,6 milioi euro bildu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Iaz 2.795,6 milioi euro bildu zituen. Hau da, aurten iaz baino 69,1 milioi euro gutxiago. Atzo eman zituen jakitera Bizkaiko Foru Aldundiak urteko lehen zazpi hilabetetan bildutakoaren datuak.

Orain arte bildutakoak badu esangura berezi bat; izan ere, kopuru horien baitan daude jada urteko lehen seihilekoko sozietateen gaineko zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren Zergaren kanpainaren bidez lortutakoa.

Horrek esan nahi du 2012ko itundutako zergen aurrekontuaren %42,8 bildu dutela urteko lehen zazpi hilabetetan. Aurrekontu horretan 6.369,5 milioi euro biltzea dute aurreikusita. Hortaz, aurreikuspenak okertu dituzte, eta urtea amaitu bitarteko bost hilabeteetan aurrekontuaren %57,2 jaso beharko du.

Berez, jaitsiera handiagoa

Bizkaiko aldundiak orain arte bildutakoa baino gutxiago bildu du berez, eta hori horrela, jaitsiera handiagoa izan du uztailera bitartean. Izan ere, BEZarengatik Espainiako Gobernuari emandako 69,4 milioi euro kenduz gero, %4,95eko beherakada izan du zerga bilketak orain artean. Iazko abenduan Espainiak egindako atxikipenaren ordainetan eman behar izan zion BEZarengatiko dirua maiatzean.

Zergaka, PFEZrengatik bildutako kopuruak behera egin du: hain zuzen ere, %3,2 jaitsi da iazko datuekin alderatuta. Aurten 1.030,4 milioi euro eskuratu ditu, eta iaz 1.063,9. Gauza bera gertatu da konturako atxikipenarekin ere. Izan ere, iaz baino 69 milioi euro gutxiago bildu ditu; %5,4 egin du behera zerga horren bilketak.

BEZaren kudeaketa propioaren bidez eskuratutakoa %3,7 igo da, guztira, 1.1140 milioi euro bilduta. Nolanahi ere, Bizkaiak Arabari eta Gipuzkoari zerga horrengatik ordaindu beharreko 359,7 euroak pagatuta, %9,97 jaitsi da BEZaren bilketa.

Ondare zergari dagokionez, 56,6 milioi euro lortu ditu. Tabakoaren gaineko zergaren bilketa %9,2 igo da. Erregaiena eta elektrizitatearena, ostera, %19,5 eta %0,2 jaitsi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.