Koronabirusaren krisia

Zergen bitartez %20 gutxiago biltzea espero du Jaurlaritzak

COVID-19aren eraginez urte honetan 3.000 milioi euro gutxiago jasoko dituela uste du. Gipuzkoako Aldundiak “%20 eta %25 arteko” jaitsiera espero du.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 24a
13:28
Entzun

COVID-19aren krisiak eragin handia izango du ekonomian, eta erakunde publikoak kolpearen tamaina zein izan daitekeen kalkulatzen hasiak dira. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, zerga bidez 3.000 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusi du, 2019an jasotakoaren %20. Datuak Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak eman ditu, Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bileran. Finantzen Euskal Kontseiluak iazko urrian eginiko kalkuluetan, 2020ko zerga bilketa 15.767 milioi eurokoa izan zitekeela aurreratu zuen, hau da, iaz baino 328 milioi gehiago (%2,5). COVID 19aren kirisiak, baina, kalkulu guztiak hankaz gora utzi ditu.

Gipuzkoako Aldundiaren kalkuluak antzekoak dira. Markel Olano ahaldun nagusiak aurreratu du 2020rako aurrekontua 85 milioi euro txikiagoa izango dela zerga bilketa txikiagoa izango delako –915 milioikoa zen hasieran–. %20-25 murriztuko da; Olanok, halere, ez du alarmarik piztu: “Azken urteetako kudeaketaren ondorioz, aldundiak egoera finantzario ona du”.

Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak aletu ditu aldundiaren zenbakiak. Zergekin 200 milioi euro gutxiago biltzea espero dute, baina 70 aurretik gorderiko errekurtsoekin estaliko dituzte, eta beste 45 zorpetuz lortuko dituzte. “Hala ere, 85 milioi euroko galera izango dugu”, aurreratu du. Aurrekontu jaitsieraren eragina hainbat egitasmotan sumatuko da: “Hasi gabeko inbertsioetan murrizketa bat egongo da, eta amaiera epe berriak zehaztuko ditugu”. Bestek beste, Koldo Mitxelena kulturguneko berritze lanetan eta Urretxu-Azkoitia eta Donostiako 27. Poligonorako errepideen konponketan sumatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.