David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ziurtatu du alderdi kontserbadoreak 2015eko hauteskunde orokorrak irabazten baditu, "30 milioi lagunentzat" onuragarriak izango diren zergen murrizketak ezarriko dituela. Torien urteroko batzordean mintzatu da, Birminghamen.
Diru sarrera txikienak dituztenei laguntzeko konpromisoa hartu du; besteak beste, errentaren gaineko zergaren ordainketa kenduko du urtean 15.000 euro irabazten dituztenentzat —gaur egun 12.600 eurotik beherakoentzat da—. "Gogor lan egiten baduzu, zure zergak murriztuko ditugu, baina bakarrik defizita gutxitzen jarraitu ahal badugu", esan du.
100.000 etxebizitzaren eraikuntza ere hitzeman du, etxe bat erosteko zailtasunak dituzten 40 urtez azpiko lagunentzat. Berretsi du hauteskundeak irabazten baditu erreferendumera deitzeko asmoa duela, Erresuma Batuak Europako Batasunean jarraitu behar duen ala ez erabakitzeko.
Estatu Islamikoaz
Beste hainbat gai ere hizpide izan ditu Cameronek, Estatu Islamikoa, esaterako. Haren arabera, gobernuak "ahal duen guztia" egingo du Erresuma Batuko gazteak taldean sar ez daitezen. "Irakera edo Siriara bidaiatzen ahalegintzen bazarete, gure eskura dugun guztia jarriko dugu zuek atxilotzeko", ohartarazi die. "Pasaportea kenduko dizuegu, epaitu, kondenatu eta kartzelaratu".