Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei zerga politika aldatzeko eskaria egin die ELAk. Horretarako, hainbat proposamen egin dizkie diputazioei, eta horiek ezarriz gero urtero 1.903 milioi euro gehiago bilduko liratekeela aurreikusi du sindikatuak. Proposamen horiek helarazteko, hiru ahaldun nagusiekin biltzeko eskaera egin ditu ELAk, eta, oraingoz, Arabako Foru Aldundiaren erantzuna bakarrik jaso du. Sindikatuko ordezkariak astelehen goizean bilduko dira Javier de Andres ahaldun nagusiarekin.
Proposamenen artean, soldata ez diren errenta guztiak iruzurra baliogabetu baino lehen ikuskatzea eskatu du sindikatuak, iruzur fiskalari aurre egiteko. Izan ere, lan errentak dituztenek urtero batez beste 21.274 euroren diru sarrerak aitortzen dituzte; jarduera profesionalak dituztenek, berriz, 13.141 eurokoa dute.
PFEZari dagokionez, tasa marjinala egungo %45etik duela urte batzuetan ezarrita zegoen %56ra itzultzea proposatu du ELAk. Neurri hori ezarrita, 291 milioi euro gehiago bilduko lirateke. Horretaz gain, ondarearen gaineko zerga berrezartzea eskatu du, 180 milioi euro gehiago eskuratzeko. Eta sozietateen gaineko zerga %35eko tasa nominal bakarrean ezarriz gero, aldundiek 900 milioi euro gehiago bilduko lituzkete. Zerga politika zehazteko, azkenik, parte hartze prozesua abiatzea eskatu du ELAk.
Proposamenak helarazita, hiru lurraldeetako foru aldundiak enpresarioen agindupean lanean ari direla salatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, «euskal Tea Party bat» dagoela iritziz. «Bertako ordezkari nagusia Jose Luis Bilbao da, berak esan baitzuen enpresen errentei zergak igoz gero deslokalizazioak bultzatuko liratekeela».
Bildu eta PSEren zuzenketa
PSE-EEk, Bilduk eta Aralarrek Gipuzkoako zerga politika zehazteko zuzenketa hitzartu zuten atzo Batzar Nagusietan. Zuzenketa gaur onartuko dute. Haren arabera, diputazioari eskatuko diote zergetan progresibitatea bilatzeko, «ondasunak zergapetzeko», ondarearen zerga berrezartzeko, zergen zama orekatzeko eta zerga iruzurraren kontrako plan bat onartzeko.
Gipuzkoak zergak igotzea erabakiz gero, Araba poztu egingo da. Javier de Andres Arabako diputatu nagusiaren esanetan, Arabarentzat albiste ona izango litzateke, Araba erakargarriagoa izango bailitzateke.
Juan Maria Aburto Bizkaiko Diputazioko bozeramailearen iritziz, Bizkaia zerga aldaketari buruz hitz egiteko prest dago. Eztabaida «serioa eta lasaia» nahi du.
Zergetan 1.900 milioi euro gehiago biltzeko neurriak aurkeztu ditu ELAk
Sindikatuko kideak Arabako ahaldun nagusiarekin bilduko dira astelehenean, euren proposamena azaltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu