Zergetan 335,7 milioiko iruzurra egin da Gipuzkoan

Foru Aldundiak ordaindu ez den diru horren %75 berreskuratzeko itxaropena du

Erredakzioa
2009ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zerga kanpainan egindako iruzurrak harrapatzeko ahalegin berezia egingo zutela iragarri zuen orain hilabete batzuk Pello Gonzalezek, Ogasun diputatuak. Atzo gustura agertu zen emaitzarekin. Ordainketetan saihestutako 200 milioi euro atzematea jarri zuen helburutzat Diputazioak, baina azkenean 335,7 milioi atzeman ditu. Kontuan hartuta Gipuzkoak 700.000 biztanle inguru dituela, batez beste bakoitzak ia 500 euroko iruzurra egin du.

Gonzalezek adierazi duenez, Ogasunaren historian inoiz ez da lortu horrenbeste iruzur harrapatzea. Iaz, esaterako, aurten baino 153,8 milioi gutxiago atzeman ziren. Orain, ordaindu ez den kopuru horren %75 berreskuratzeko itxaropena du Foru Aldundiak.

337,5 milioi horietatik 179,8 milioi, erdia baino gehiago, sozietate zergan egindako iruzurrak dira; 98,7 milioi balio erantsiaren zergan egindakoak; 49,1 milioi pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondare zergan; eta gainerako 8,1 milioiak beste mota batzuetako iruzurrak izan dira.

Gonzalezen azaldu duenez, iruzur gehienak enpresen sorreran, fusioetan eta eskualdatzeetan izan dira. Halaber, enpresek egindako salerosketetan ere diru asko ez dela aitortu esan du. Harrapatu dutenen artean, iruzurrik handiena 60 milioi eurokoa izan dela esan du. Izenik eman ez badu ere, etxegintzako enpresa batek egin duela zehaztu du.

Aurrerantzean, bide beretik

Gonzalezek azaldu du lan taldea handitu izanari esker ohartu direla hainbeste iruzurrez, eta sistema informatikoak eta teknologiak hobetu izanak ere lagundu duela gaineratu du. Hala, aurrerantzean ere zerga ordaintzaileen arau-hausteen aurka borrokan jarraituko dutela esan du. Besteak beste, iruzurrari aurre egiteko neurri gehiago jarriko dituztela indarrean iragarri du. Esate baterako, notarioekin informazioa trukatu ahal izateko hitzarmen bat sinatuko dute «diru zuritzeak» saihestu ahal izateko. Horrez gain, herritarrengan pentsatuta, informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute.

Aurtengo emaitzei esker zerga ordaintzaileek aurrerantzean «delitu fiskal» gutxiago egingo dituztela uste du Gonzalezek, eta bidenabar, herritarrek Ogasunan konfiantza handiagoa izango dutela.



Zenbakia

500

Batez besteko iruzurra. Gipuzkoak 700.000 biztanle inguru dituela kontuan hartuta, batez beste, herritar bakoitzak 500 euroko iruzurra egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.