Zergetan gutxiago jaso delako ezin dela gastua murriztu dio ELAk

Gastua txikituz gero zerbitzu publikoak okertuko eta enplegu gehiago galduko dela uste du

Erredakzioa
2009ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ogasunak zergetan gutxiago jasotzen ari direnez gastuak murriztu nahi dituela jakinarazi zuenEusko Jaurlaritzak herenegun. Sail bakoitzeko aurrekontua «orrazteko» agindu zien sailburuei, eta 550 milioi euro aurreztea jarri zuen xedetzat. ELA ez dago ados. Krisia argudiatuta berriro sozietate zerga jaitsi egin dela gogoratu du, baita Araban eta Bizkaian ondare zerga indargabetu egin dela ere. Beraz, zerga bilketa jaisten ari den argudioa ezin dela erabili gastua murrizteko esan du Mikel Noval sindikatuko Gizarte Gaietarako arduradunak.

Gastua gutxitzen bada zerbitzu publikoak okertu egingo direla salatu du ELAk. «Halabeharrez, gastu sozialaren jaitsiera ekarriko du osasun, hezkuntza eta beste hainbat arlotan». Era berean, gastua gutxitzeak enplegu murrizketa eragingo duela esan du.

Elkarrizketa sozialerako mahaiari ere egin dio aipamena sindikatuak. «Agian, diru hori nondik murriztu behar den eztabaidatzea nahiko dute elkarrizketa sozialean, beraiek murrizketa erabaki ondoren», azaldu du Novalek. Haren esanetan, krisi garaian gastu publikoa handitu egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.