Urteek aurrera egin ahala, berretsiz doa joera: euskal ogasunak iaz baino diru gehiago ari dira biltzen zergetan. Hori erakusten dute, hain zuzen, Arabako eta Bizkaiko aldundiek gaur jakinarazitako datuek.
Bizkaiko Ogasunak, esaterako, urtarriletik ekainera bitarte, iaz epe berean baino 694,1 milioi euro gehiago bildu ditu: 4.824,9 milioi euro, orotara. Kopuru horren erdia baino zertxobait gehiago zuzeneko zergetatik jaso dute Bizkaian, 2.457,8 milioi euro. Eta zuzeneko zergen artean, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan bildu dute gehien, 1.673,5 milioi euro, kontzeptu horretan jasotako kopurua %6,7 gehitu baita. Hain zuzen, Bizkaiko Ogasunak PFEZean langileei egindako atxikipenen %3,6ko hazkundea azpimarratu du. Sozietateen gaineko zergan ere diru gehiago bildu du Bizkaiak urteko lehen zazpi hilabeteetan, iazko 384,6 milioi euroetatik 634,4 milioi eurora igo delako kontzeptu horretan jasotako zenbatekoa.
Zeharkako zergetan, berriz, 1.870,2 milioi euro jaso ditu Bizkaiko Ogasunak, iaz epe berean erdietsitakoa baino %2,6 gehiago. Hidrokarburoen gaineko zergan bildutakoa %7,8 handitu dela nabarmendu du aldundiak, baita BEZarekin bildutakoa 29,2 milioi euro jaitsi dela ere.
Arabako Ogasunak 1.058 milioi euro jaso ditu zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, hots, iaz epe berean baino %15,3 gehiago. Zuzeneko zergetan izan da igoera handiena, horietatik bildutako diru kopurua %10,9 handitu baitu Arabak. Errentaren gaineko zergan jasotakoaren %7,5eko hazkundea, berriz, langileei egindako atxikipenetatik etorri da batik bat, horietan iaz baino %4,7 gehiago jaso duelako Arabako Ogasunak. Sozietate zergan, berriz, 17 milioi euro gehiago bildu ditu Arabak, baina hazkunde hori, hein handi batean, Espainiako araudi aldaketa batek eragin du. Zeharkako zergei dagokienez, Arabak BEZean ere iaz baino %6,7 gehiago bildu du uztailera arte: 26 milioi euro gehiago, alegia.