Syriza ezker erradikaleko koalizioaren barne zatiketaren eraginez jo du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak hauteskundeetara. Hori baieztatu eta biharamunera, Syriza barneko Ezkerreko Plataformak jakinarazi du ez duela Tsipras babestuko eta zerrenda propioa aurkeztuko duela bozetan.
"Ezkerreko Plataformak fronte zabal, aurrerakoi, demokratiko eta antimemorandum baten sorreraren alde egingo du, memorandumen indargabetzea ezartzeko", adierazi du ohar batean. Plataformak gogor kritikatu du Tsiprasek hartzekodunekin lorturiko akordioa.
Panayiotis Lafazanis Greziako Energia ministro ohia da plataformaren aurpegi ezagunetako bat. Hauteskundeak egin bitartean, litekeena da Syrizatik ateratako parlamentariek talde propioa osatzea; Herri Batasuna deituko diote, eta parlamentua desegin artean, 25 parlamentari inguru izango ditu.