2008ko urrira jo behar da Ibex-35ean (-%5,94) atzokoa baino galera handiagoak ikusteko; Lehmanek hondoa jo osteko giro nahasian %9 galdu zuen SIBEko indize nagusiak. Atzo, Espainiako zezena idia ez ote den zalantzak izan ziren; krisia, susmoak, ez dira finantza sistema osoaren ingurukoak, duela hamalau hilabete bezala; eurogunearen periferiaren gainekoak baizik: Grezia, Portugal eta Espainia, alegia. Santander (-%9,4) eta BBVArenak (-%7,54) 228 eta 88 puntu kendu zizkion indize nagusiari hurrenez hurren. %6na pasa galdu zuten banku, eraikuntza nahiz zerbitzu enpresen zerrenda ez da nolanahikoa: Acciona, Sabadell, Abertis, FCC, Mapfre, Banesto, Gamesa eta Popularrek korrida latza bizi izan zuten. Salerosketa Vista Alegre mukuru betetzeko modukoa izen zen: 5.159 milioirena ohiko merkatuan. Defizita, debaluatu ezina, langabezia, defizita, debaluatu ezina... zezen-plaza baino sorgin gurpil borobilagoa da. Alerta gorria (eta horia).
Santander. Galanta da 8.943 milioiren mozkinak izan eta, hala ere, burtsan balioaren %9 pasa galtzea; Santander erraldoiari gertatu zitzaion atzo. Ez bere berankortasunagatik, Espainiaren inguruko konfiantza galera orokorragatik baizik; herrialde horretako Altxorrak hiru urterako zorra jaulkitzean Alemaniak baino %1 gehiago ordaindu beharra du. Azken enkantean baino %0,5 gehiago alegia. Merke zorpetzeko garaiak pasa zitzaizkion Zapaterori. Ondorioz, orain arte gerrikoa estutzea berak esaten zuen lez, orain atzerriko inbertsiogileek agindu diote. Eta bai majo estutu ere.
Zezen larrutua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu