Ekonomia

Zientifikoen nazioarteko kontseilua, antxoaren arrantzaren debekuari eustearen alde

Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluaren txostenaren zain zegoen Europako Batzordea, uztailean ere debekuari eusteko edo ez. Hilaren 30ean hartuko du erabakia.

2009ko ekainaren 23a
19:12
Entzun
Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) gaur jakinarazi du hurrengo hilabeteetan ere Bizkaiko Golkoan antxoa ez harrapatzearen aldekoa dela eta, beraz, arrantzaren debekuaren alde dagoela. Kontseiluko zientifikoek, dena den, onartu dute egoera hobea dela.

Europako Batzordea (EB) CIEMen txostenaren zain zegoen uztailean ere debekuari eusteko edo ez. EBk hark aholkatutakoa egin ohi du. Hilaren 30ean hartuko du erabakia.

Maiatzean egindako azterketek erakutsi dute azken urtean antxoa kopurua hiru mila tona igo dela, eta biomasa 28.000 tonaraino iritsi dela.

Duela lau urte debekatu zuten antxoa harrapatzea Bizkaiko Golkoan, antxoa gutxi dagoela argudiatuta.

Rogelio Pozo AZTIko zuzendariaren arabera, litekeena da Bruselak arrantza kuota txikia ezartzea, 7.000 tona ingurukoa. Kopuru horren alde egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Golkoko arrantzaleek, haien iritziz bi irizpide betetzen dituelako: ez luke antxoaren biomasa gutxieneko mugatik behera jaistea eragingo -21.000 tonakoa da-, eta arrantzaleentzat errentagarria izango litzateke.

Aurreko urteotako gatazkak eragozte aldera, izan litekeen kuota horren banaketa dagoeneko hitzartu dute arrantzaleek: 6.300 tona izango lituzkete Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako arrantzaleek, eta 700 tona Lapurdikoek, Frantziakoek eta Bretainiakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.