Berria iragarrita bazegoen ere, euroguneko Finantza ministroek gaur erabaki dute Zipre erreskatatu egingo dutela, Nazioarteko Diru Funtsarekin batera. "Erabateko" erreskatea izango dela esan dute, ez bankari egindakoa soilik, Espainiako Estatuaren kasuan bezala.
"Justifikatuta dago Zipren orain doitze programa bat gauzatzea", adierazi du Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak.
Vassos Sharly Zipreko Ekonomia ministroak berretsi egin du albistea. Oraingoz, ez du esan zenbateko laguntza jasoko duten. Datorren astean aditu talde bat hara joango da egoera aztertzera, eta geroago jakingo lirateke kopuruak.
Eurogunearen bosgarren erreskatea izango da. Beste laurak: Grezia, Irlanda, Portugal eta Espainia.
Cyprus Popular Banken zuloa
Zipreko Gobernuak ekainaren erdialdean ohartarazi zuen aurki berak ere laguntza eskatuko zuela. Haren premiazko arazoa Cyprus Popular Banken zuloa estaltzea da. Hilaren 30era arteko epea du banku horrek kapitala 1.800 milioi euroan handitzeko, eta gobernuari eskatu dio laguntza, bere kabuz ezin duelako dirurik bildu. Uharteko banku handienetan bigarrena da eta Greziarekiko lotura handia izateak jarri du ataka zailean: Atenasek bere zor pribatuaren zati handiena ez pagatzeko akordioak 3.000 milioi euroko galerak ekarri dizkio, eta herrialde hartako sektore pribatuari mailegatutako 22.000 milioi euroen zati bat ez du jasoko.
Baina Zipreko Gobernuak ere finantza merkatuen atea itxita du aspaldi. 2012ra arteko finantzaketa beharrak asebete ditu Errusiak emandako 2.500 milioi euroren mailegu batekin, baina 2013an 2.200 milioi euroko zorra pagatzeko dirua nonbaitetik atera beharko du.