Krisia eurogunean

Ziprek ere erreskatea eskatu dio EBri, finantza erakundeak onbideratzeko

Greziako zorrak bi banku nagusietan zuen pisuak behartuta hartu du erabakia; ez du esan zenbat diru izango den

Ziprek ere erreskatea eskatu dio EBri, finantza erakundeak onbideratzeko.
Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Azken egunotan espero zen albistea baieztatu da azkenik: Zipre izango da Europako Batasuneko finantza laguntza eskatuko duen bosgarren herrialdea. Espainiak egin berri duen modura, finantza erakundeek dituzten arazoak onbideratzeko asmoz galdegin du erreskatea Zipreko gobernuak. Oraindik ez du jakinarazi zenbat diru eskatuko duen. Presidenteak, Dimitris Christofiasek, gaur agerraldia egin eta azalpenak ematea espero da.

Zipreko bankuek arazoak dituzte, Greziak euren balantzeetan zuen pisuaren eraginez. Europako Banku Agintaritzak (EBA) joan den abenduan argitaratu zituen datuen arabera, herrialdeko bi banku nagusiek 3.500 milioi euro baino gehiago behar zituzten finantza betebehar berriak gainditzeko. Diru hori ekainaren 30erako lortu behar zuten Bank of Cyprus (1.560 milioi) eta Cyprus Popular Bank (1.971 milioi) erakundeek. Azken horrek behintzat ez zuela dirua garaiz lortuko ohartarazi zion gobernuari.

Espainiak bere finantza erakundeei laguntzeko eskatu beharko duen kopuruaren parean, ez dirudi dirutza, baina kontuan hartu behar da kapital falta hori Zipreko barne produktu gordinaren %20 inguru dela. Bi bankuen balantzeetan ia 5.000 milioi euro zeuden Greziako zor publikoan. Greziari egindako bigarren erreskatearen ondorioz, balio galera handia izan dute.

Orain dela gutxi, Zipreko bankuak kapitalizatzeko gutxienez 4.000 milioi euro beharko direla ziurtatu zuen Fitch rating agentziak. Kopuru horretan barne merkatuko maileguen arazoak ere aintzat hartuta leudeke. Bankuen egoera txarra argudiatuta, Fitch agentziak Zipreko zor subiranoaren kalifikazioa BB+ mailaraino jaitsi zuen, zabor bonua, alegia.

Orain arte erreskate funtsen dirua saihestu du Ziprek. Iaz, esaterako, Errusiarekin 2.500 milioi euroko mailegua hitzartu zuen. EBko eta Eurotaldeko kidea izan arren, oraingoan ere negoziatzen aritu da Txina eta Errusiarekin.

EBko txandako lehendakaria

Greziak, Irlandak, eta Portugalek ez bezala, erreskate osoa saihestea lortu du oraingoz Ziprek. Une politiko interesgarriak dira Mediterraneoko irla txikian. Datorren astetik aurrera Europako Batasuneko txandako lehendakaritza hartuko du, lehen aldiz. Zortzi hilabete barru, bestalde, hauteskundeak ditu aurrez aurre gobernuak. Erreskatearekin batera murrizketa orokorrak egin behar ez izaten ahaleginduko da orain. Besteak beste, EBko sozietate zerga txikiena (%10) igo behar ez izatea bilatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.