ekonomia

Ziprek maiatzean jasoko du erreskatearen lehen zatia

Gobernuak eta troikak amaitu dituzte erreskaterako negoziazioak. Bestetik, Michalis Sarris Zipreko Finantza ministroak dimisioa eman du. Ikerketa batzordearen lana ez oztopatzeko utzi du kargua. 

2013ko apirilaren 2a
17:15
Entzun

Gobernutik azaldu dutenez, Michalis Sarris ministro izan aurretik Laiki Bank-eko zuzendaritzan izan zen eta hark azaldu duenez, ikerketa batzordearen "lana errazteko" eman du dimisioa. "Gaur hasi da lanean bankuen porrotaren arrazoiak ikertuko dituen batzordea, eta ikerketa hori Laiki Bank-eko administrazio batzordeko presidente nintzeneko garaietaraino heltzen da", esan du Sarrisek.

Zipreko Fileléfzeros egunkariaren arabera, Haris Georgiadesek, orain arteko Lan ministroak hartuko du haren lekua; aldi berean, Zeta Emilianidou Industria Ministerioko zuzendari nagusiak hartuko luke Lan Saila. 

Bestetik, gobernuak 10.000 milioi euroren erreskaterako baldintzen negoziazioak amaitu ditu gaur troikarekin. "Gaur memoranduma egiten amaitu dugu; finantza erreskaterako ezinbesteko baldintza da. Pauso garrantzitsua da hori, eta horrela, segurtasun eza izan den epe luze bat ixten da", esan du gobernuko bozeramaileak. 2018ra arteko epea izango du Ziprek doikuntza programa betetzeko —aurreikusitakoa baino bi urte gehiago—.

Gobernuaren arabera, akordioa "lehenago" heldu behar zen, "baldintza politiko eta ekonomiko hobeagotan". Hala ere, aurrerantzean egoera "normaldu" egingo dela azaldu dute, eta "ekonomia martxan jartzeko beharrezko testuingurua" sortuko dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.