10.000 milioi euroko erreskatea ematearen truke bankuetako gordailuetatik 5.800 milioi euro atxikitzeko planak haserre bizian jarri ditu urte luzez bankuetan diru apur bat pilatzea lortu duten zipretarrak, azken urteetan Mediterraneoko uhartean dirua zuritu duten Errusiako aberatsak eta legebiltzarreko alderdi gehienak. Nikosiako Parlamentuak planto egin dio Bruselari. Desafio zuzena: 56 diputatutik 37 ezezkoa eman diote Bruselaren planari, eta presidentearen alderdiak abestentziora jo du. Boto bakar bat ere ez euroguneko mandatuen alde.
Zipreko Finantza ministroak bilera egingo du bihar Moskun Errusiako Finantza ministroarekin. Gordailuen gaineko zergari buruz berba egingo dute, eta Errusiak 2011n krisiari aurre egiteko uharteari emandako 2.500 milioi euroko maileguaren baldintzak leuntzeko eskatuko dio Nikosiak. Bien bitartean bankuek itxita jarraitzen dute Zipren, eta herritarrak haserre atera dira kalera hirugarren egunez EBko eta Alemaniako agintarien kontrako protestak eginez eta legebiltzarraren atarian alderdiei ezezkoa bozkatzeko eskatuz.
Erreskatearen baldintzak leuntzeko asmoz, Zipreko Gobernuak 20.000 eurotik beherako gordailuei zerga kentzea proposatu du, eta aurreztaile handien tasa ez igotzea agindu du. Baina ez du zehaztu nola lortuko dituzten eurotaldeak eskatutako 5.800 milioiak. Egoera desblokeatu eta aterabideren bat bilatzeko, alderdi guztietako buruak deitu ditu bihar goizean bilerara Anastasiadisek.
Gobernuaren zirriborra
Zipreko Gobernuak aurkeztu eta legebiltzarrak atzera bota duen lege zirriborroaren arabera, 20.000 eurotik beherako aurrezkiak dituztenek ez dute erreskatearen zerga ordaindu beharrik izango. 20.000 eta 100.000 euroren artean, %6,75eko tasa finkatuko da; eta, hasieran esan bezala, 100.000 eurotik gorako aurrezkiei %9,9ko kopururua mantenduko zaie.
Eurotaldeko arduradunek atzo gauean igorritako ohar batean esan zuten aurreztaile txikiekin beste era batera jokatu beharko litzatekeela, eta 100.000 eurotik beherako gordailuak bermatu egin beharko liratekeela gaineratu zuen. Banketxeak, ordea, ostegunera arte ez dituzte irekiko, eta aurreztaileek ezingo dute euren dirua mugitu.
Eurogunea, zerga progresiboago baten alde
Euroguneak aitortu du ostiralean Zipreko Gobernuarekin adostu zuen baldintza gehiegizkoa izan daitekeela. "Martxoaren 16an hitzartutakoarekin alderatuta, zerga bakarra progresiboagoa egingo dute Zipreko agintariek", adierazi zuen Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak.