Ziprek 10.000 milioi euro behar ditu bankuak onbideratzeko, eta beste 7.500 estatuko administrazioaren kontuak garbitzeko. Nolanahi ere, Bruselan nahiago izan dute 10.000 milioi euroko erreskatea ordaintzea, horrela Zipreren zor publikoa gehiegi ez handitzeko. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, BPGarekiko %87,26ko zor publikoarekin itxi zuen 2012a Nikosiako gobernuak.
Maileguak kostu handia izan du trukean, ordea, besteak beste, korralitoa ezarri baitu Nikos Anastasiades presidenteak, partzialki bada ere. Gordailuei jarritako zerga baten bidez 5.800 milioi euro biltzeko helburua du, Eurotaldeak hala finkatuta. Tasa hori (ordainketa bakarra) jaso eta gero, bankuetako kontuak blokeatuta egoetari utzi beharko liekete. Eurogunean horrelako neurri bat hartzen den lehen aldia da.
Ia bederatzi hilabete pasatu dira sokatira hasi zutenetik: alde batean, troika —Europako Batasuna, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa—, eta, bestean, Zipreko Gobernua. Luze jo du, erreskatearen baldintzak zehazteko, iazko udaberritik porrot eginda dagoen Mediterraneoko uharteko agintarien eta beltzezko gizonen arteko borrokak.
Herritarren kezka
Ekonomia txikia da Ziprekoa: 17.800 milioi euroko BPGa du, euroguneko ekonomiaren %0,2. Baina haren porrotak arrakalak ireki ditzake eurogunean, eta krisi berri batean murgildu dibisa bakarra.
Zipreko Gobernuak adierazi du "akordio on bat" dela, eta ezin dela "estrapolatu" beste herrialde batzuetara. "Ona" da akordioa, Zipreko "arazo konpondu" egiten duelako. Herritarrek, baina, ez dute begi onez hartu erabakia. Gobernuak jakinarazi duenez, parlamentuan lege bat egingo dute herritarrek euren dirua bankuetatik ez ateratzeko —corralito deitutakoa Argentinan—. Denbora batez euren diruaren zati bat blokeatuta edukiko dute, astelehenean itxita egongo dira bankuak jai eguna delako, eta gaur bertan, herritar asko euren diruaren zati bat ateratzera joan dira bankuetara. 100.000 euro baino gehiagoko gordailuak dituztenei, %9,9ko zerga ezarriko zaie, eta hori baino gutxiago dutenei %6,75ekoa.