Beste gau luze bat Bruselan. Beste gau luze bat akordioaren arrastorik gabe. Beste gau luze bat mezu baikorrekin, baina erabakirik gabe. Arratsaldearen hasieran ziurtasuna zena zalantza bihurtu zen gauean, eta lerro hauek idazteko orduan oraindik ez zuten Greziaren bigarren erreskatea hitzartu. Euroguneko hamazazpi Finantza ministroak atzo bildu ziren Greziaren bigarren erreskatea onartzeko. Lukas Papademos Greziako lehen ministroak ere bileran parte hartu zuen.
Bileraren aurretik gehienek espero zuten akordioa, baita Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak ere. «Zehaztasunak» bakarrik falta zirela esan zuen. Deabrua, alegia.
Teorian, Greziak bete ditu troikak jarritako baldintza guztiak bigarren erreskatea jaso ahal izateko: Parlamentuak 3.300 milioi euroko murrizketa plana onartzea; alderdi nagusietako buruzagiek konpromisoa hartzea apirileko hauteskundeak eta gero murrizketak indarreanjarriko dituztela; eta aurten 325 milioi euro gehiago murriztea. Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak ere, atzoko bilera hasi aurretik, onartu zuen Greziak etxeko lanak egin dituela. Euroguneko agintariek zalantza gehiago dituzte. Neurriak onartzeaz baino gehiago, neurriak indarrean jartzeaz eta neurriak betearazteaz.
Greziak bigarren erreskatea jasotzeak ez du esan nahi bere arazoak konponduko dituenik. Gainera, krisiak erakutsi du Europako Batasuna eta behin betiko hitzak ez direla bateragarriak. Erreskateak ez du bermatuko diru hori jasoko duenik ere. Ikusi besterik ez dago lehen erreskatearen zatiak jasotzeko izan dituen zailtasunak. Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) —troikak— uste badute Greziak ez dituela agindutako neurriak indarrean jarri eta betearazi, ez diote dirua utziko. Utzi egiten baitiote. Atzoko negoziazioetako puntuetako bat zen, hain zuzen, Greziari lehen erreskateko interes tasak apaltzea.
14.500 milioi euro martxorako
Erreskatea jasoz gero, zorraren hurrengo zatia ordaindu ahal izango du: 14.500 milioi euro martxoaren 20an.Bestela, porrota, eta ondorio kalkulaezinak.
Greziaren arazoak epe motzekoak eta luzera begirakoak dira. Epe motzean ez dauka dirurik zorrei aurre egiteko. Ekonomiak uzkurtzen jarraitzen du, etengabeko murrizketek eta lehiakortasun faltak eraginda. Luzera begira, ez dirudi egoera irauliko duenik eta ekonomia suspertuko denik. Troikaren azken txostenaren arabera, Greziaren zorra barne produktu gordinaren %129koa izango da 2020an, hau da, bigarren erreskatean jarritako helburua baino bederatzi puntu handiagoa. BPGaren %160tik gorakoa da gaur egun.
Grezia kate motzean lotu nahi dute. Neurriak onartzea, indarrean jartzea eta betearaztea nahi dute. Oraingoan erreskatearen kontua blokeatu egin nahi dute. Zorra eta interesak ordaintzea izango da diruaren lehentasuna, ez zerbitzu publikoak ordaintzea edo dirua greziarrengana iristea. Greziak zorra ordaindutakoan bakarrik erabili ahal izango du dirua zerbitzu publikoak ordaintzeko. Duela hilabete batzuk ia ez zituen pentsioak ordaindu.
Alemaniak, Herbeherek eta Finlandiak troika etengabe Atenasen egotea nahi dute, Greziako Gobernuaren jarduna eta diru kontuak bertatik bertara kontrolatzeko.
Bigarren erreskatea garrantzitsua da Greziarentzat, akordioa lortzen ez badute ez baita indarrean jarriko hartzekodun pribatuekin, bankuekin, lortutako akordioa: Greziari zorraren %50 barkatuko diote eta %70eko galera onartuko dute. Bigarren erreskatea onartuta, bankuei greziaren zor bonu zaharren truke berriak emango dizkiete. Greziak 30 urteko epea izango du bankuei dirua bueltatzeko eta %3,5eko interesa ordaindu beharko dio.
Hartzekodun pribatuez gain, garrantzitsua da hartzekodun publikoena ere. EBZrena eta euroguneko banku zentralena. EBZ parte hartzeko prest dago. Nola? Ez galerak onartuta, baizik eta irabaziei uko eginda. EBZk uko egingo lieke iaz merke erositako Greziaren zor bonuek etorkizunean eragingo lizkiokeen irabaziei. Diru hori eurogunekoherrialdeen artean banatzeko prest dago, gero herrialdeek diru hori Greziari laguntzeko baliatzeko. EBZk 40.000 milioi euro dauzka Greziaren zor bonuetan. Euroguneko banku zentralek 20.000 milioi euro inguru.
NDFk diru gutxiago
NDFk uste baino diru gutxiago uztea espero da:13.000 milioi euro inguru. Orain artean erreskateen herena hartu zuen bere gain. NDFk dirua jartzen ez badu, euroguneko herrialdeek jarri beharko dute.
Akordioa lortuta ere, Greziaren egoera zaila da, bai kanpora begira, bai barrura begira. Euroguneak zorrotz kontrolatuko ditu herrialdearen diru kontuak. Diru kontuak bakarrik. Greziako Gobernu berriaren esku geratuko da herritarren haserreari aurre egitea.
Wolfgang Munchau Financial Times-eko analistak atzo zioen euroguneak gobernua inposatu nahi nahi diola Greziari, «euroguneko lehen koloniari». Euroguneak bultzatu ditu Grezia eta Italia herrialdeen agintean Papademos eta Mario Monti jartzera.
Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak greziarrek kalean erakutsi dutenaren kontrako mezua zabaldu zuen atzo, agiri baten bitartez: «Greziarrek Europari esan diote beharrezko sakrifizio guztiak egin dituztela eta egingo dituztela, Grezia berriro gainerakoen parera iristeko Europako familian».
Erreskatea jasotzeak ez du bermatuko Greziak eurogunean jarraitzea. Greziak eurogunea utzi behar izatea ez da tabua jada. Alemanian eguna joan eta eguna etorri esaten ari dira Greziak eurogunetik atera behar duela. Atzo bertan, Greziari euroan jarraitzeko ez, baizik eta eurotik ateratzen laguntzeko dirua eman behar diotela esan zuen Hans-Werner Sinnek, Ifo-ko buruak: «Grezia euroaren barruan berregituratzea ameskeria da». Alemaniako think tank ezaguna da Ifo.
«Kaosa bakarrik saihestuko da Greziak euroa uzten badu eta moneta berehala debaluatzen badu», zioen Hans-Werner Sinnek, Der Spiegel-i eskainitako elkarrizketa batean.
Zorraren krisia. Grezia
Ziurtasunak zalantza
Euroguneko finantza ministroek Grezia estu hartu dute bigarren erreskatearen baldintzak zehazteko bileranTroikak aitortu du erreskatea jasota ere ez duela zorra gutxitzeko helburua beteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu