ELA sindikatuak jakinarazi du Zizurkilgo Huyck Wangner enpresan (Gipuzkoa) 81 langileetatik 75 kaleratu egin nahi dituela lantokiko zuzendaritzak. Enpresak dio papergintzaren krisiagatik eta makineria zaharkituta dagoelako aurkeztu duela erregulazioa; Mikel Zabaleta ELAko ordezkariaren arabera, ordea, Zizurkilgo Huyck Wangnerrek urtero etekinak izaten ditu eta langile bakoitzeko ekoizpen gehien egiten duen lantegia da. ”Hau lotsagarria da, onartezina”, adierazi du.
Langileek greba mugagabea hasi dute gaur. Negoziatzeko prest dira, baita beharrezkoa balitz bide judiziala hasteko ere. Auzian erakundeen inplikazioa ere eskatu dute. "Aurrean dugun munstroa geldiarazteko gizarte eragile guztien babesa eta elkartasuna beharko dugu". Zizurkilgo Udalak babesa agertu die langileei, eta salatu du lan erreforma baliatuz hartu duela enpresak erabakia.
Badakite egoera "zaila" dela, baina argi dute azken aukera agortu arte ez dutela etsiko: "Borroka honetan gure lehen helburua lantegiari irekita eustea da”.
Uste dute lantegia hustutzeko erabakia soilik "estrategikoa" dela, eta lana beste planta batzuetara eramatea diru gehiago irabazteko asmoz egin dutela. Azken egunetan zuzendaritzak izandako jarrera ere kritikatu du Zabaletak. Hark azaldu duenez, enpresako sarreran segurtasun pribatua jarri dute, eta gainera, lantokira sartzea debekatuta dute gaurtik aurrera —gaurko iragarritako prentsaurrekoa, esaterako, herriko pilotalekuan egin behar izan dute—.
Enpresak ohar baten bidez gaur adierazi du erregulazioarena "alternatiba posible bakarra" dela egungo testuingurua eta etorkizunekoa kontuan hartuta. Adierazi du makineria berritzeko inbertsioa eginda ere, ez dagoela bermatuta eskariak handituko direnik.
Hilaren 21ean eman zieten langileen ordezkariei erregulazioaren berri. Enpresako hainbat kontseilarik eta haien abokatuek bilera batera deitu zituzten Donostian.