Zizurkilgo Huyck Wangner enpresan ia lantalde osoa kaleratu nahi dute

Lantegiko 81 langileetatik 75 kalean uzteko asmoa du zuzendaritzak, eta horren aurka, greba mugagabean dira atzotikEnpresak dio salmentak jaitsi egin direla, eta ez dela bideragarria jarduerari eustea

Huyck Wangnerreko langileen agerraldia, atzo, Zizurkilgo pilotalekuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Zizurkil
2013ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Zizurkilen (Gipuzkoa), kolokan daude 75 lagunen lanpostuak. Huyck Wangner enpresak ia lantalde osoa kaleratu nahi du—81 beharginetatik 75—, eta ELAk argi du horrek lantegia ixtea ekarriko lukeela. Hori gerta ez dadin, prest daude amaieraraino euren lanpostuen alde egiteko. Horregatik, greba mugagabea hasi zuten atzo, eta beste hainbat jarduera antolatzeko asmoa ere badute, aurrean duten «munstroa» geldiarazteko. Larunbat eguerdirako, adibidez, manifestazioa antolatu dute Tolosan (Triangulo plaza, 12:00).

Huyck Wangner, Perot zena, Xerium taldearen barruan dago, eta tela metalikoak ekoizten ditu. Enpresak dio jarduerari eustea ez dela bideragarria, eta hainbat arrazoi eman ditu hori argudiatzeko: papergintzaren sektoreko krisia, salmenten jaitsiera eta makineria berritzeko egin beharko lukeen inbertsioa. Tresneria berritzeko, 24 milioi euro beharko lirateke, enpresak berak atzo azaldu zuenez. Inbertsio hori eginda ere, uste du ez dagoela bermatuta eskaria handituko denik; berrikuntzak egin ezean, berriz, galerak areagotu egingo liratekeela.

Mikel Zabaleta ELAko ordezkariaren arabera, baina, Zizurkilgo Huyck Wangnerrek urtero etekinak izaten ditu; bereziki urte ona izan zen iazko harentzat, eta langile bakoitzeko ekoizpen gehien egiten duen lantegia da. Gainera, makinak berritzearena aspaldi aurreikusitako kontua da, Zabaletak dioenez. «Soldatak ere ez dira arazo; ekoizpena eraman nahi duten herrialdeetako lansariak askoz handiagoak dira». Horregatik guztiagatik, uste dute lantegia husteko erabakia soilik «estrategikoa» dela, eta diru gehiago irabazteko asmoz lekualdatu nahi dutela lana beste lantegi batzuetara. Italian (Latina), Alemanian (Reutlingenen) eta Austrian (Gloggnitz) ditu lantegiak.

Beharginak negoziatzeko prest dira, eta legeak zehaztu bezala,30 eguneko epea izango dute horretarako. Badakite egoera «zaila» dela, baina aukera guztiak baliatu arte ez dute etsiko: «Borroka honetan gure lehen helburua lantegiari irekita eustea da». Enpresak, ordea, badirudi bere asmoei eutsiko diela: oraina eta etorkizuna aintzat hartuta, erregulazioa «alternatiba bakarra» dela iritzi dio. Negoziazioek porrot eginez gero eta beharrezkoa balitz, auzitara jotzeko asmoa agertu dute langileek. Horretara heldu beharrik ez izateko, erakundeen esku hartzea beharrezkotzat jo dute, eta gizarte eragile guztien laguntza eskatu dute. Zizurkilgo Udalak babesa agertu die langileei, eta salatu du lan erreforma baliatuz, soilik 20 eguneko kalte-ordainak eman nahi dizkietela.

Sarrera, debekatuta

Hilaren 21ean eman zieten langileen ordezkariei erregulazioaren berri. Enpresako hainbat kontseilarik eta beren abokatuek bilera batera deitu zituzten, Donostian. Zabaletak azaldu duenez, bilera egin aurreko astean ekoizpen guztia lantegitik atera eta biltegi batzuetara eraman zuten. Azken egunetan zuzendaritzak izandako jarrera ere kritikatu du ELAko ordezkariak. Enpresako sarreran segurtasun pribatua jarri dute, eta lantokira sartzea debekatua dute atzotik. Lantegi barruan ere aldaketak egiten ari direla jakinarazi du ELAk: Donostian zituzten abokatuen ordez Madrilgoak hartu dituzte, eta Zizurkilgo orain arteko zuzendaritza kaleratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.