Mario Draghik "diskurtso akademikoa" eman du gaur Lindaun (Alemania), eta ez du aztarrenik eskaini Europako Banku Zentralak zorra erosteko programarekin dituen asmoei buruz. Xede horretarako, askoren ustez, foro egokiagoa izan daiteke datorren ostiralekoa: AEBetako Erreserba Federalak biltzarra egingo du Wyomingen, Jackson Holen, eta EBZko presidentea izango da gonbidatu nagusia.
Hala ere, oso posible da ekonomista italiarrak ezertxo ere ez esatea Jackson Holen, EBZn kezkatuta daudelako Draghiren hitzek dibisa merkatuetan duten erantzunarekin. Esaterako, Sintran eman zuen hitzalditik hona, bi hilabete eskasetan, dolarrarekiko %5 handitu da euroaren prezioa. Igoera handiago batek suspertzearen olatuan dagoen euroguneko ekonomiari kalte egin liezaioke. Eta hori gerta daiteke behar baino goizago badator zorra erosteko programaren arintzea prestatzeko diskurtsoa.
Edonola ere, Mario Draghik, gaurko bere hitzaldian, zorra erostearen defentsa sutsua egin du. Italiarrak azaldu duenez, krisiari erantzuteko, epe motzeko interes tasak jaistea izaten da banku zentralen ohiko tresna, baina tasak maila behereenean egonda, ezin denean gehiago jaitsi, ezohiko politikak jarri behar dira abian. Horietako bat da tasak epe luzean behean lagatzeko konpromisoa erakustea. Baina azken horren eraginkortasuna areagotu daiteke, Draghiren arabera, "beste ezohiko politikekin konbinatuz".
Ezohiko politika horietako bat izan da zorra erosteko programa. Finantza tirabirak aintzat hartzen dituzten ikuspegi berriek, Draghiren aburuz, "erakutsi dute tirabira horiek uzkurtu egin dezaketela ekonomia, eta eskala handiko zorra erosteak uzkurdura hori samurtu dezakeela, inbertsiogileen arriskurako ahalmena handituz, aktibo arriskutsuekiko balantzak hobetuz, eta bankuen kreditu jarduera bultzatuz".