«Gure herrialdearen etorkizuna ziurtatu behar dugu», argudiatu zuen atzo Angela Merkel kantzilerrak gastu murrizketak justifikatzeko. Bi egunez gobernuko ministroak bildurik eduki ditu, neurriak prestatzeko.
Ez da, hasiera batean, egoera fiskal txarra duten herrialdeetako bat, eta ez du finantza merkatuen enbata jasateko arrisku handirik. Esaterako, 2009. urteko amaieran defizit publikoa %3,3 izan zen, EBko txikienetako bat ehunekoan. Hala eta guztiz ere, defizit horren pareko aurrezkia lortzea da gobernuaren xedea: 80.000 milioi euro. Aurten ekonomia sustatzeko hartu dituen erabakien ondorioz, apur bat handituko da, eta %5 izango da urte amaierarako. Gobernuaren zorra, berriz, 1,7 bilioi eurokoa da, BPGaren %73.
Programa berehala jarriko da martxan, eta datorren urteko aurrekontuan 11.000 milioi gutxiago gastatuko ditu Alemaniak. Enpleguan, gizarte laguntzetan, azpiegituretan eta defentsan murrizketa handiak egingo dituztela aurreratu zuen Merkelek. Aldiz, hezkuntza eta ikerkuntza finantzatzeko aurrekontuak ez dira jaitsiko, eta legealdiaren joanean 12.000 milioi euro handituko dira.
Azpiegitura gastuen jaitsierak proiektu esanguratsuak atzeratu ditu. Esaterako, Berlingo Hohenzollern jauregia zaharberritzeko ekimena ez da aurten hasiko, eta gutxienez 2013. urtea arte geldirik egongo da. 550 milioi euroko aurrekontua du egitasmo horrek. «Garai zailak eta gogorrak dira. Etorkizuna diseinatu nahi badugu, nahi dugun guztia ezin dugu orain egin», laburbildu zuen kantzilerrak.
Alemaniako plangintzak ez du, oraingoz, herritarrei gehien eragiten dieten arloetan zerga aldaketarik eragingo. Ez da PFEZa igoko, ezta BEZa ere. Alemaniak orain duen BEZ tasa orokorra %19 da, duela hiru urte hiru puntu igo eta gero.
Zerga batzuk sortuko dira, ordea. 2012. urterako finantza trukeei tasa bat ezarriko die Merkelek, aldez aurretik nazioartean alor hori arautzeko akordiorik ez bada lortzen. Finantza erakundeek krisian sortutako gastuen parte bat euren gain hartzea nahi du gobernuak. Era berean, hegazkin trafikoari tasa ekologiko bat ezarriko zaio, eta energia nuklearraren erabilera ere zergapetuko da.
Gizarte gastuari dagokionez, epe luzeko langabeek jasango dituzte neurririk gogorrenak. Amatasun eta aitatasun laguntzak mugatuko zaizkie. Era berean, gobernuak langabe horien izenean pentsioen kutxari egiten dion ekarpena emateari utziko dio.
Funtzionario gutxiago
Alemaniak ez ditu zergak igoko, baina enplegu publikoari astindua emango dio Merkelen gobernuak, defizita arintzeko aitzakiarekin. 2014. urterako ministerioetatik eta erakunde federaletatik 15.000 funtzionario kendu nahi ditu. Horien soldatan ere izango dira murrizketak: 2011. urteko Gabonetako lansarian zegokien igoera ez zaie aplikatuko.
Defentsa gastuetan egingo diren mozketaren bidez, soldadu kopurua gutxitu nahi du. Iraila baino lehen armadatik 40.000 soldatu kentzeak izango lukeen eragina aztertu beharko du Defentsa ministroak, Karl-Theodor zu Gutenbergek. Gaur egun, 250.000 soldadu ditu Alemaniak.
Heldu den urteko abuztuan neurri guztiak aurrekontuetara eramango ditu gobernuak. Bien bitartean, oposizioko alderdi nagusiak -SPD sozialdemokratak- bidegabetzat jo zuen plana, eta protesta handiak iragarri zituen.
Erresuma Batuan, zailtasunak
Alemaniak erabaki duen bide-orria baino gogorragoa izango da Erresuma Batuak hartu beharko duena, David Cameron lehen ministro berriak iradoki duenez. Herrialdeko zorraren egoera espero baino txarragoa da, eta ondorioak izango ditu horrek. Murrizketak «herrialde osoari» eragingo dio, eta neurri «mingarriak» hartu beharko dituztela aurreratu zuen politikari kontserbadoreak hitzaldi batean.
Estatuko diru sarreren eta gastuen arteko aldea 178.000 milioi eurokoa da. Azken urte fiskalari dagozkion kontuak hartzen badira, BPGaren %12tik gora dago Erresuma Batuaren defizita. Espainiarena baino handiagoa da, eta Greziarena baino puntu bat txikiagoa da soilik.
Erresuma Batuko gobernuak 1,2 bilioi euro zor ditu gaur egun. Beste herrialde batzuek ez bezala, diru asko jarri behar izan du zerga sistema salbatzeko. Estatuko aurrekontuak finantza zama pilatzen ari dira. Orain interesetan 51.000 milioi ordaintzen ditu urtean, baina ezer ez badu egiten, bost urte barru 80.000 milioi izango direla azpimarratu zuen Cameronek, eskoletan edo klima aldaketari aurre egiteko ekintzetan gastatzen dena baino gehiago. «Diru xahuketa ikaragarri bat, belaunaldi honek ondorengoari uzteko arriskua duena», lehen ministroaren hitzetan.
Gordon Brown eta Tony Blair lehen ministro laboristen gobernuei egotzi die egoeraren erantzukizuna gobernu berriak. Gastu gehien duten alorretan -gizarte laguntzak, pentsioak eta soldatak- murrizketak egongo dira, besteak beste. Planaren xehetasunak datorren ekainaren 22an jakinaraziko ditu kontserbadoreek eta liberal-demokratek sortu duten gobernu koalizioak. Dagoeneko,aurtengo urte fiskalean gastua 7.500 milioi euro arintzeko neurri batzuk iragarri zituen maiatzaren 24an.
Defizita jaisteaz batera hazkundea sustatzeko neurriak behar direla erantzun zion gobernuari Alistair Darling Finantza ministro ohiak.