Gobernuak proposatutako pentsio sistemaren erreformaren aurka, greba orokorrera deitu dute Greziako sindikatuek. Gaur zortzi izango da. Aurten bertan, beste lau greba orokor egin dituzte herrialdean. Azkenengoan, hiru pertsona hil eta beste 70 zauritu ziren. Horregatik, manifestariak gertu-gertutik gaindituko dituztela iragarri dute agintariek.
Finantziabidea lortu ahal izateko, 2012ra bitartean gastu publikoa 30.000 milioi euro murrizteko eskatu diote Greziari. Horretarako, Gobernuak, erretiro adina atzeratzea eta pentsioak murriztea proposatu ditu, besteak beste. Gaur egun, 61,4 urterekin har dezakete erretiroa herrialdeko langileek. Adina 63,5 urtera atzeratzea da asmoa. Batez besteko pentsioa, berriz, %7 murriztu nahi du 2030era bitartean.
Era berean, Gobernuak iragarri du politikarien eta enpresaburuen ustelkeria kasuak saihesteko neurriak hartuko dituela eta zigorra jarriko diela zergak ordaintzen ez dituztenei. Atzo bertan, 40 milioi euroko isuna jarri zion Zipreko enpresaburu bati azken bost urteetan 130 eraikin erosi eta horri dagozkion zergak ez ordaintzeagatik.
Gastua murriztearen truke, porrot egoeratik salbatzeko laguntza agindu diote Europako Batzordeak eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Joan den astean, 20.000 milioi euroko lehen laguntza eskatu zuen ofizialki herrialdeak. Atzo jaso zuen laguntza horren lehen zatia. 5.574,8 milioi euro sartu zituen NDFk Greziako Bankuko kontu berezi batean. Gainerako 14.500 milioiak egunotan emango dizkio Europako Batzordeak.
Guztira Grezia porrot egoeratik salbatzeko erreskate planak 110.000 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik 80.000 Euroguneko herrialdeek jarriko dituzte, eta beste 30.000 milioiak NDFk.
%0,8ko hazkunde negatiboa
Atzo jakin ziren Greziaren hazkundeari buruzko datuak ere. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta %0,8ko atzeraldia izan du urtarriletik martxora bitartean, eta aurreko urtearekin konparatuta, %2,3koa. Gobernuaren aurreikuspenen arabera, atzeraldia handiagoa izango da hurrengo hilabeteetan, %4 ingurukoa hain zuzen ere.
ZORRAREN KRISIA. EUROPAKO BATZORDEAREN PROPOSAMENAK. Greziako sindikatuek beste greba batera deitu dute
Nazioarteko Diru Funtsak emango dion diruaren lehen zatia jaso du herrialdeak, 5.578 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu