EBko estatu buruek eta EBZk euroak agindu dituzte. Behar beste, euroa bera mehatxupean laga duen erasoa oraingoz gelditzeko. Espekulatzaileen inpunitatea ez da horrekin etengo; bai, ordea, pasa den astean eragiten ari ziren tortura saio ikaragarria. Elur bola espekulatzaileek abiatuko zuten agian, baina beste askoren malutak ere gehitu zitzaizkion; ehiztari gehienek dute espekulatzaile txiki bat muinean. Horregatik ez dago atxiloturik atzokoa (igandekoa) bezalako operazio baten ostean. Barikuan Santander edo BBVA %22-23 merkeago saldu zutenek ordainduko dute, besteak beste, Ibex-35ek (+%14,43) inoiz egindako kurrinka latzena; 6.822 milioiren lekukotzarekin. %14na igo ziren, kasu, Ferrovial, Iberdrola eta Bankinter ere. Sakoneko arazoa konpondu du hoeeek? Ez, noski. Pixkanaka, baina oso arin, handitzen ari zen bola gelditu du. Euroak inprimatzeko makina martxan da, Trichetek osteguneko hitza janda. In euros we trust.
Zor publikoa. Santander (+%23,22), BBVA (+%22,03) nahiz Popular (+%20,68) Ibex-35eko podiumean ikustea, Bankinter (+%14,34) ahaztu gabe, nahiko argigarria da igandeko erreskatearen onuradun nagusiak nor diren ulertzeko. De facto, ordea, Espainia eta Portugalen zor publikoak dira, akzio azokatik at, erreskatatu diren besteak. Oraingoz ez da estatu baten ordainketa etenik baimenduko. Baina defizita kontrolatzeko sukaldean, NDF ere sukaldari sartu da eta Alemaniari aginte makila aitortu beharko diote Mediterraneo aldetik; Europaren autodefentsarako.
ZORRAREN KRISIA. EUROPAREN ERANTZUNA. 'In euros we trust'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu