Krisia eragin zuten politikak aldatu ezean murrizketak etorriko zirela ohartarazi izan du Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Orain, «kasurik egin ez digutelako», berriz kalera ateratzeko beharrean daudela esan du Adolfo Muñozek. ELA, LAB, EHNE, ESK, Hiru eta EILAS sindikatuek manifestazio nazionalerako deia egin dute ekainaren 12rako, Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak eta «laster etorriko diren erreformak» salatzeko.
Gehiengo sindikalak berak hilaren 25erako Hegoaldeko sektore publikoko langileei eginiko greba deialdiaren ostean antolatutako hurrengo mobilizazioa izango da. Bilbon egingo dute, Murrizketekin aski da, euskal langileok gure etorkizunaren jabe lelopean, 17:30ean.
Murrizketekin gertatzen ari dena, ELAko idazkari nagusiaren ustez, «eskandalagarria» da. Gobernuek beren erabakiak gizartearentzat «oharkabean» pasatzeko egiten dituzten ahaleginak salatu ditu: «Botere ekonomikoari eskatzen zaion guztia ematen zaiola ezkutatzen dute, eta bankuak esku leuneko lapurrak direla, diru publikoa %1ean eskuratuz eta %5ean utziz».
Espainiako Gobernuak zerga politika Europako Batasunekoarekin parekatuz gero, 93.000 milioi euro gehiago bilduko lituzkeela eta EAEn gastu sozialerako 6.000 milioi euro gehiago leudekeela nabarmendu du Muñozek. Alderdi politikoek, aldiz, zerga politikaz eztabaidatzeko inolako asmorik ez dutela dio.
Ildo beretik, «botere ekonomikoek erakunde publikoak ordezkatu» dituztela eta, horren ondorioz, «langileen aurkako erabakiak» hartzen dituztela deitoratu du ELAko buruzagiak. Horretarako alternatibak badirela gogorarazi dute gehiengo sindikaleko ordezkariek. Iaz aurkeztutako dekalogoak jasotako neurriak, besteak beste, Ainhoa Etxaidek gogorarazi duenez: «132.000 langileek babestutako neurriak aintzat hartzeko ordua dute agintariek».
Euskal Herriko administrazioei Zapateroren gobernuak iragarritako murrizketen aurka bozkatzeko eskatu die LABeko idazkari nagusiak: «Bada garaia euskal erakundeek berton erabakitzeko eskubidearekin bat egiteko». Horren harira, Euskal Herriak lan harremanen esparru propioa behar duela azpimarratu du Etxaidek, «erabakiak zein bitartekoak hemen kudeatzeko».
EAEko bestelako egoera
Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia Espainiakoaren «oso bestelakoa» delako, Zapaterok iragarritako murrizketei uko egin eta langile publikoekin sinatutako akordioak «gotortzeko» eskatu die Eduardo Garcia Euskadiko CCOOko kideak euskal administrazioei. Madrilgo gobernuaren neurriak «bidegabeak eta desegokiak» direla uste dute UGT, CSIF eta CCOO sindikatuek, eta, horregatik, hainbat mobilizazio egingo dituzte, garrantzitsuena ekainaren 8an langile publikoei eginiko grebarako deia.
Protesten berri emateko agerraldia egin zuen atzo Garciak, UGTko Ana Perezekin eta CSIFeko presidente Luis Callerekin batera. Grebaren aurretik, sindikatu horiek elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriko hiriburuetan dituen egoitzen aurrean. Sektore publikoko langileen artean sinadurak bilduko dituzte Zapateroren planaren kontra.
Elkarrizketa sozialaren mahaietan parte hartzen jarraituko dute, Espainiako Gobernuarekin zein murrizketak bere egiten dituzten erkidegoetako gobernuekin. Baina, Euskadiko CCOOko ordezkariak esan duenez, «beharrezkoa» izango balitz, «mahaiak apurtzeko prest» daude. Horrez gain, mobilizazioei dagokienez, ez dutela ezer baztertu ziurtatu du, «ezta greba orokorrera deitzea ere».
Hego Euskal Herrian grebarako deialdi bi egotearen inguruan, sindikatu abertzaleen jarrera kritikatu dute UGTk, CCOOk eta CSIFek, helburu nagusia greba beraiek baino lehenago egitea dela uste dutelako. Garciaren ustez, «erabaki okerra» da hori, sindikatuen batasuna beharrezkoa delako.
ZORRAREN KRISIA. MOBILIZAZIOAK. Manifestazio nazionala egingo du gehiengo sindikalak ekainaren 12an
Iragarritako murrizketak eta erreformak salatuko dituzte Bilboko kaleetan ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek. Sinatutako akordioei eusteko eskatu diete UGTk eta CCOOk euskal administrazioei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu