Bigarren atzeraldiaren amaiera ofiziala iritsi da azkenik. Bost urteko krisiak arrasto sakona utzi du enpleguan. EHUko irakasle eta ikertzaile talde batek lan merkatuari buruzko azterketa sakona egiten du hiru hiletik behin, populazioa jardueraren arabera neurtzen duen Eustaten inkestako datuak xehatuta. Sara de la Rica Ekonomia katedraduna azterketaren egileetako bat da, eta 2013. urtearen amaieran Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatuak duen egoera eta erronkak aztertu ditu Egitura-rentzat. Enplegu galerak hondoa jo duela pentsatzeko arrazoiak badirela uste du. Hori bai, urteak beharko dira egoerari buelta emateko. Bitartean, lan erreformaren ondorioak azaleratzen ari dira. Alde batetik, lanpostu finkoak suntsitzea erraztu du. Bestetik, lanaldi laburren hazkundea indartu da, prekaritate molde berri baterako atea.
1. Nola amaitu da 2013a?
165.600 langaberekin amaitu zen 2013. urtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken neurketaren arabera. Langabezia handitu arren, gora egin du langile landunen kopuruak, eta gutxiago dira inaktiboak. Krisia hasi zenetik bost urtera, aldaketa hurbilago ikusten du De la Rica katedradunak. "Enplegu galera garbian hondoa jo dugu. uste dut hemendik aurrera, gutxinaka, egoera hobe batera goazela". Hala ere, langabe kopuru handia aintzat hartuta, ez da konponbide azkarra izango. "Urte dexente eskatuko du". Okupazioa, behintzat, aurreko urtekoaren gainetik dago, eta inaktiboen kopurua murriztu egin da.
2. Enplegu sorrera txikia
Urte osoko datuak kontuan hartuta, 2013. urtean hiruhilekotik hiruhilekora enplegu sorrerak galera gainditu zuen. Guztira, 4.000 enplegu garbi inguru izan dira 2013ko azken txanpan. 2012. urtean, berriz, enplegu berria baino handiagoa izan zen galera hiruhileko guztietan; lan merkatuan gauzak aldatzen ari diren seinale, De la Ricaren ustez. "Unean uneko datuak baino gehiago dira, eta erakusten dute, motela eta ahula izanagatik, ekonomiaren susperraldia iristen ari dela".
Enplegu sorrera ahulak baikortasun hori mugatzen du, ordea. "Enplegu sorrera garbi hori da ezkor izateko arrazoi nagusia, oso txikia delako. Ezinbestekoa da sorrera garbi hori orain arte baino indar handiagoa izatea".
3. Lanaldi laburren igoera arriskutsua
EHUko irakasleen azterketak beste gertakari bat azaleratu du. Kontratu mugagabeen eta aldi baterakoen arteko betiko banaketari beste bat gehitu zaio: lanaldi laburren hazkundea. Bi kontratu ereduetan handitu da proportzioa, nabarmen, gainera. Dagoeneko, sei soldatapekotik batek ez du jardunaldi osorik —30 lan ordu baino gutxiago astero—.
Kontratu finkoetan, %4tik %8ra igo dira lanaldi laburra dutenak. Azken urtean, lanaldi osoko kontratu mugagabea zuten soldatapekoen ehunekoa zortzi puntu jaitsi da, gainera. Aldi baterako kontratua eta lanaldi osorik ez dutenak, %4 izan ondotik, %6 dira orain. Aurreko hiruhilekoan lanposturen bat lortu zutenen %65ek aldi baterako aurkitu zuten, eta %35 lanaldi laburrekoak ziren. Hiruhileko berean kontratu mugagabeen %14 ere lanaldi laburrekoak izan ziren.
Prozesu hori kezkaz hartu dute txostenaren egileek. "Aldi baterako kontratu partzialekin enplegua lortzea oso prekarioa da, eta oso txarra litzateke kontratazio modu orokor gisa zabaltzea", azpimarratu du De la Ricak. Kasurik onenean, lanaldi laburreko kontratu mugagabeak enplegu "egonkorra" banatzeko modua iruditzen zaio eskaera ahula dagoen garaietan, baina bere mugak ditu. "Eskaerak indarra hartu ahala, lanaldi labur horiek osoekin ordezkatzen direla ikusi beharko genuke. Bestela, prekaritate bikoitza ezartzen ariko ginateke, azpienpleguak, azken finean". Prekaritaterik txarrena, alegia: aldi baterako kontratua eta lanaldi osorik gabe.
Lanaldi laburra aukeratzea langilearen erabakia ez den bitartean, enpleguaren kalitatearen aurka doa, eta egileek argi ohartarazi dute aurrera begirako apustua "lanpostu kualifikatu, egonkor eta ondo ordaindutakoa" izan behar dela.
4. Lan erreformaren itzala kaleratzeetan
Krisiarekin batera lan merkatua arautzen duten lege nagusiak aldatu dira behin baino gehiagotan. Azken erreforma sakona 2012. urtean egin zuen Espainiako Gobernuak, eta baliteke azkena ez izatea. Bi urte pasatu dira, eta, oraingoz, erreforma horren ondorioak ari dira islatzen EAEko enpleguan ere. Esaterako, lana galtzeko arriskuari dagokionez. "2012. urteko erreforma egin zen arte, lanpostua galtzen zuten ia guztiak aldi baterako langileak izaten ziren. Orain, kontratu mugagabea duten gero eta pertsona gehiago ari dira lanpostua galtzen". Batez beste, 2012. urtean galdutako lanpostuen %34 finkoak eta lanaldi osokoak izan ziren, eta %26 joan den urtean.
5. Langile zaharrak, langabe zaharrak
Lan merkatuaren egitura eta ezaugarriei buruzko kezka ere agertzen da. Esaterako, lan merkatua zahartzen ari da, batzuetan gizarteak berak iradokitzen duen baino gehiago. Hala, gaur egun okupatuta dauden langileen %3k baino ez ditu 25 urte baino gutxiago, eta langabeen %11 dira. "25 urtetik beherako pertsonak ia ez daude geure lan merkatuan; besteak beste, prestakuntza luzeagoa dutelako. Baina egia da lan munduarekin harremana azkarrago hastea luketela", De la Ricaren ustez. Okupatuen proportziorik handiena, adin tarteak aztertuta, 45 urtetik gorakoek osatzen dute: %44.
Luzera begirako langabeziaren amesgaiztoa ere handitzen ari da. 2012. urtean langabeen %43k urte bat edo gehiago igaroa zuten lanik aurkitu gabe. Ehuneko hori hamabi puntu igo da 2013. urtearen joanean. Behin lan munduarekin harremana luzaroan etenda, geroz eta zailagoa da bueltatzea. Bereziki, 45 urtetik gora duten pertsonentzako politika zehatzak galdegin ditu EHUko Ekonomia katedradunak. "Tokian tokiko erantzunak bilatu behar dira. Eskualde horietako enpresek euren beharrak azaldu behar dituzte; enplegu zerbitzu publiko edo pribatuek laneratzeko prestakuntza propio prestatu behar dute, eta, gero, zerga laguntzak eman behar zaizkie pertsona horiek kontratatzen dituzten enpresei".
6. Langabearen argazkia
"Unibertsitate ikasketak ez dituen pertsona bat, zerbitzuen sektorekoa edo eraikuntzakoa", laburbildu du txostenaren egileak. Goi mailako ikasketak izateak edo industrian aritzeak lanari eusteko nolabaiteko babesa ematen duela ondorioztatu dute, Eustaten inkesta aztertuta. Sektoreei dagokienez, eraikuntzako langileek lana galtzeko duten arriskua industriakoena halako bi da. Txostenak beste faktore esanguratsu bat azaleratu du: adina. Langile gazteek — 25 urte baino gutxiago dituztenak — baino aukera handiagoak dituzte lanari eusteko beste adin tarte guztiek. Beste faktore erabakigarri bat langabezian emandako denbora da: urtebete lanik gabe igarota, laneratzeko aukerak nabarmen murrizten dira.
7. Lanpostu bat lortzeko zer hartu kontuan
Azken datuak oinarri gisa hartuta, enplegua lortzeko faktoreak ere aurkitzen saiatu dira. Puntu horretan, emakumeek gaur egun enplegua lortzeko erraztasun handiagoa dutela ondorioztatu dute. "Goi mailako ikasketak izatea oso lagungarria izaten ari da, eta enplegu berriaren sorrera sostengatzen ari den motorra zerbitzuak izaten ari dira". Enplegu berrietatik %78 hirugarren sektoreko lanpostuak dira, Eustaten inkestaren arabera. Industria arloko lanpostuak ere lau puntu igo dira, %13tik %17ra. Bigarren sektoreak bultzadari eustea benetako susperraldi baterako giltza dela nabarmendu dute ikertzaileek. "Komeni da industriak enpleguan duen pisua handitzea, bai ezaugarri teknologiko handiak direla-eta, bai kualifikazio handiko eskulanaren beharra dela-eta. Krisiaren irteera egoki bat izateko, ezinbestekoa da industria sektorea indarberritzea". Zerbitzuetan, berriz, kualifikazio handiena eskatzen duten jarduerak, zerbitzu profesionalak, hedatu beharra aipatu dute, EAEk defizit handia duelako alor horretan.
8. Bost urteko krisiak utzitako ondorioak
Krisi ekonomia hasi zenetik bost urtera, lan merkatuaren egoerari buruzko ondorio batzuk hartzeko garaia badela uste du Sara de la Rica katedradunak. Dena dela, azpimarratu du ezin dela alde batera utzi krisiarekin batera globalizazioak duen eragina. "Lan merkatu globalago bat izango dute aurrez aurre. Hortaz, mugikortasuna asko zabalduko da. Bizitza osorako lanpostuak desagertu egingo dira, eta langileak egokituz joan beharko du aldaketetara, etengabeko prestakuntzaren bidez".
Etorkizun horretan prestakuntza erabakigarria izango dela ohartarazi du ikertzaileak. "Makinek ordeztu ditzaketen lanpostuak gain behera doaz, eta hala jarraituko dute, baina prestakuntza handiagoa exijitzen dutenak handitu egingo dira. Hortaz, prestakuntza espezializatua geroz eta beharrezkoagoa izango da, hala unibertsitate mailan nola lanbide heziketan". Populazioa jardueraren arabera neurtzen duen inkestak, behintzat, abiapuntua ez dela txarra jasotzen du: okupatuen %38k lanpostu tekniko eta profesionalak dituzte. Okupazio horien eta goi ikasketak dituen populazio aktiboaren ehunekoak ia parez pare daude.