EGITURA

Zortzi galdera 2014. urterako

Bigarren atzeraldiaren bukaerak beste aukera bat eskainiko dio ekonomiari krisia gainditzeko, baina oraindik traba ugari iradokitzen ditu susperraldiaren ahuleziak

Ivan Santamaria - Lander Muñagorri
2013ko abenduaren 30a
11:39
Entzun

2010. urtean izan zen.  Nazioartean giro baikorra itzuli zen. Nazioarteko esku hartze koordinatu bati esker —publikoa, batez ere— mundua depresio batetik libratu izana aldarrikatzen zuten gobernuek, merkatuek eta ekonomialari ugarik. Errai berdeen garaia zen. Ez zuen asko iraun. Lehentasun aldaketa erradikal batek —Europan defizit publikoak gutxitzeak— laster amatatu zuen susperraldia. Lau urte geroago, bigarren atzeralditik atera berri ziren ekonomia aurreratu gehienak. Bigarren aukera, nonbait.

Abiapuntua aldatu da, ordea. Bitarte horretan ondorio latzak utzi ditu krisiak. Langabeziaren hazkunde ikaragarria, milaka enpresaren itxiera eta ongizate estatuaren murrizketa dira orduan hartutako erabakien ondorio zuzen eta larrienak ekonomia aurreratuetan.

Orain, berriro, irteera planifikatzeko unea iritsi da. Aurreko esperientziak irakatsita, zuhurtzia nagusi da oraingo mezuetan. Arriskuak ere gutxinaka aldatu dira. Ikuspuntu global batetik, ekonomia aurreratuei laguntzeko diru politika hedakorrak eta horren amaierak gorabidean dauden herrialde ugaritan sor dezakeen lurrikararen lehen aztarnak sumatu dira. Krisi osteko mundu ekonomikoa zalantzaz beteta dago, eta soilik denborak esango du 2014an irteera iraunkor eta erreal baterako zutabeak jarri ziren edo bigarren aukera ere zapuztu zen.

1. AEBek noiz itxiko dute diru merkearen iturria?

Munduko lehen potentziaren patuak eragin globala du. Zer esanik ez ekonomian. Bigarren atzeralditik libratu dira AEBak. Besteak beste, susperraldia indartzeko grina handiagoz jokatu dute erakundeek, bereziki estatubatuarren banku zentralak, Erreserba Federalak (Fed). Diruaren prezioa merke izateaz gain, EBZ Europako Banku Zentrala ausartu ez den politika ezohikoetara iritsi da, quantitave easing delako programaren bidez.

Zein da horren helburua? Hilero 85.000 milioi dolar inbertitzen ditu Fedek merkatuan aktiboak erosteko. Ekonomiari punpatzen zaion erregaia da, zuzenean. Luzera begirako apustua da, gainera: langabezia tasa %6,5 baino gutxiago izanik ere, eutsiko dio. Langabezia hori izateak, gainera, ez du esan nahi automatikoki diruaren prezioa igoko denik. Erregai horri esker, aurreratuen artean hazkunde tasarik handienak dituen herrialdea dira AEBak.

Ezer ez da betiko, ordea. Ekonomiaren onbideratzea indartzen den neurrian, diruaren iturria itxi beharko du Fedek. Noiz gertatuko den eta zer ondorio izan ditzakeen argitu beharko da urtearen joanean. Hasteko, pizgarriak erretiratuko ziren aipatze hutsak lurrikara sortu zuen joan den udan gorabidean dauden zenbait herrialdetan. Hainbat erakundek alarma piztu dute —gogorren artean, BIS Nazioarteko Ordainketen Bankua, banku zentralen bankua—, likidezia barra-barra emateak berriro ere burbuilak neurrigabe piztu eta ekonomia arriskuan jarriko duela argudiatuta.

Beste pertsona batek hartuko du Ben Bernankeren gidaritzapean estrategiaren geroa. Azken orduko ustekaberik ezean, Janet Yellen izango da Fedeko hurrengo presidentea. Orain arte Bernankek hartutako bidearen jarraitzailea da Yellen, eta ez dira espero aparteko aldaketak.
Esparru politikoan, berriz, aurrekontuari buruz demokratek eta errepublikanoek lortutako akordioak beste itxiera baten arriskua ezabatu dio Obamaren gobernuari. Hori bai, zorpetze muga berriro igotzeko adostasuna falta da. Hori gabe, otsailean berriro tentsioa itzuliko da merkatuetara.

2. Ahulaldia iritsiko zaie gorabidean dauden herrialdeei?

Bost urte igaro dira atzeraldi handia gertatu zenetik. Bitarte horretan, proba egin zaie dinamika ekonomikoei buruz zeuden teoria askori. Finantza krisia iritsi zenean, gorabidean dauden herrialdeek hazkundetik tiraka egingo zutela zirudien. Ez zen halakorik gertatu. Haatik, ekonomia aurreratu gehienak ondoren bigarren atzeraldian sartu ziren unean, herrialde horiek gai izan ziren arazo handirik gabe aurrera egiteko.

Orain, hirugarren fasea gorpuzteko aukerak betetzen ditu egoera makroekonomikoei buruzko eztabaidak. Herrialde aurreratuak, motel bada ere, ari dira zauriak ixten. Orain, ordea, gorabidean dauden herrialdeen hazkundea moteltzen ari da. Datozen hilabeteotan egiaztatu beharko da eztulaldia edo pneumonia den. Oraingoz, gertatzen ari denari buruz ohartarazi dute NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Azken horrek mugatu ditu hazkunde aurreikuspenak gorabidean dauden herrialde askorentzat. Hori bai, oraindik ekonomia aurreratuen hazkunde erritmoen gainetik segitzen dute.

Buruhauste nagusia beren eskuetan ez dagoen erabaki bati zor diote herrialde ugarik. Herrialde aurreratuek diru politika gogortzea erabakitzen badute, finantza baldintzak aldatuko dira. «Inoiz amaituko dira politika horiek», azaldu du Christine Lagarde NDFko zuzendariak, «eta planak egin beharko ditugu horretarako, bereziki ez dakigulako noiz gertatuko den».

Udan 1997ko finantza krisiaren mamuak berriro ere astindu zituen Asiako eta Hego Ameriketako merkatuak. Diru merkearen iturria ixteko aukera zabalik utzi zuen Bernankek. Ia segituan dibisa ugarik balioa galdu zuten dolarraren aurka, nabarmen. Morgan Stanley bankuak bataiatu dituen bost ahulen taldean jarrita daude begirada guztiak: Indonesia, Hegoafrika, Brasil, Turkia eta India. Zertan da berdin boskote hori? Herrialde guztiek kontu korronteko defizit handia dute. Alegia, atzerritik iritsitako diru baliabideen beharra dute. Diru merkearen iturria itxi eta kapital sarrerak seko gelditzen badira, arriskuan egongo dira.

3. Libratuko da Txina gorabidean dauden herrialdeen ajeetatik?

«Txina beste kontu bat da». Horrela hasten dira Asiako erraldoiari buruzko informazio gehienak, baita ekonomikoak ere.  AEBetako erabakiek gorabidean dauden herrialde askorengan duen itzalak ez du Txina estaliko. Nazioarteko erakunde gehienak bat datoz: txakalaldiari ihes egin, eta hazkunde tasa sendo bati eutsiko dio munduko bigarren ekonomiak, %7tik gora.

Buruhauste propioekin lehiatu beharko du herrialdeak, edonola. 2013. urtean, lehen aldiz, Txinako finantza sistema krisi hotsen albiste izan da. Udan sekulako igoera esan zuen Shibor indizeak —finantza erakundeen arteko maileguen tasa neurtzen du—. Mendebaldeko edozein herrialdetan kreditu krisi bat ernatzen ari den seinale litzateke. Txinan, ordea, bankuen balantzeetatik at ematen diren maileguen burbuila posible bat indargabetzeko mugimendua izan zen, banku zentralaren eskutik. Kreditu eta zorpetzeari buruzko kezkak eta burbuila ezkutu baten mehatxuak bertan jarraitzen du, hala ere.

Joan den azaroan, berriz, Alderdi Komunistako komite zentralak hirugarren osoko bilkura egin zuen. Batzar horietatik atera izan dira erreforma eta aldaketa nagusiak. Kasu honetan, merkatua gehiago irekitzeko, gobernua eraldatzeko eta enpresak erreformatzeko proposamenak aztertu dituzte. 2014. urtearen joanean, aldaketak zeintzuk izango diren definitzen hasiko dira.

4. Zer gertatuko da Europak eta AEBek abiatu duten merkataritza itunarekin?

Inbertsio eta Merkataritza Lankidetza Transatlantikoa (TTIP, ingelesez) itunaren negoziazio ofizialak abiatu dituzte Europako Batasunak eta AEBek. Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) liberalizazioa bultzatzeko sustatu duen prozesuaren paralisiak eraginda, eskualdekako akordioek indarra hartu dute. Berez, elkarrizketa teknikoak joan den uztailean hasi ziren, eta pare bat urterako lana espero bada ere, 2014 erabakigarria izango da akordioa lortzea posible den edo ez egiaztatzeko.

Hasieratik, agerian geratu dira ituna lortzeko zailtasunak. Europako Batasunean bertan, nekazaritza politika kontu polemikoa izan ohi da, eta ikusteko dago negoziazioetan nolako aldaketak lortu nahi diren. EBk balio erantsia duten elikagaiei sarbidea erraztu nahi die, baina, trukean, elikadura segurtasun kontuak arintzea eskatu dute AEBek. Hasi baino lehen, Frantziaren presioa dela-eta, ikus-entzunezkoen sektore osoa negoziazioetatik at geratu da.

AEBetako espioitza globalari buruzko informazioek erabat ilundu zuten negoziazio teknikoen hasiera ofiziala izan behar zuena. Herrialde batzuek —Alemaniak eta Frantziak, batez ere— herritarren pribatutasunari bermeak handitzea exijitu izan dute, eta merkataritza akordioa bera zalantzan jartzera iritsi dira. Polemika eta zurrunbilotik at, pribatutasun kontuak mahaitik kanpo uztea erabaki zuen Bruselak, eta prozesuak aurrera egin du, bi aldeetako diplomaziaren arteko konfiantza urratu den arren.

Munduko bi bloke handien arteko negoziazioa ez da martxan dagoen bakarra. Asia eta Pazifikoko zenbait herrialderen artean TTIP ituna handitzea aztertzen ari dira. Orain, negoziazio horiek hamabi herrialderen artean egiten ari dira: Australia, Brunei, Kanada, Txile, Japonia, Malasia, Mexiko, Zeelanda Berria, AEB, Singapur eta Vietnam. Munduko merkataritzaren herena baino gehiago trukatzen dute. Aitortu gabeko helburua da, baina akordioak Txinaren indar eta zabalkundeari itzal egitea ere bilatzen du.

Eskualde mailako akordioak nagusitzen ari ziren unean, hilzorian zegoen MME, baina berpiztea lortu zuten, abenduaren hasieran lortutako itun baten bidez. Akordioak balio izan dio erakundeari sinesgarritasuna lortzeko, eta urrundu egin du azken garaiotan protekzionismoa areagotzeko izan den tentazioa. 2014. urtean itun horri segida ematen saiatuko dira.

5. Erreskateen estrategia amaitzea lortuko du azkenik Europak?

Euroguneko krisian erabakigarria izango da 2014. urtea. Erabakigarriak, berez, azken hiru urteak izan dira, herrialdez herrialde jauzi egin duen gaitza izan baita, eta buruhauste ugariren sorburu da horri aurre egiteko erreskateen estrategia. Irteera finkatzeko laster hasiko den urteak garrantzi berezia du, ordea. Hasiera batean, 2014. urtea amaitzen denerako, soilik herrialde batek, Ziprek, jarraituko du EBtik eta NDFtik dirua jasotzen.

Noski, hori teoria da. Praktikan, Greziako korapiloa benetan askatuko den egiaztatzea falta da. EBko eta NDFko finantzaketaren bigarren programa urte amaieran bukatuko da. Ordurako, Greziari 271.800 milioi bideratuak izango dizkiote, erreskate gisara. Hala ere, ez dago batere garbi epemuga iristen denean herrialdea berriro ere bere kasa dirua erakartzeko gai izango den. Joan den udan Greziak hirugarren laguntza programa behar izango zuen ustea asko zabaldu zen Europan, bereziki Alemaniako hauteskunde lehiaren eraginez. Funtsean, Greziako zorpetze publiko gordinak oraindik ez du iraunkor izateko itxurarik ––%170, 2015. urtean––. Galdera horri erantzun beharko dio Europak aurki.

Oraingoz, ekonomia ikuspuntutik birrinduta dagoen herrialde bat utziko du erreskateak. Greziako barne produktu gordina %22 erori da azken lau urteotan, eta, tarte berean, langabezia tasa %12tik %27ra pasatu da. EBko aurreikuspenek diote hazkundera itzuliko dela 2014an, azkenik.

Egiaren ordua arinago iritsiko zaio Portugali. Hiru urtez 78.000 milioi euroren kredituak jaso ondoren, udan programatik ateratzea dagokio. Kasu horretan ere, zalantzak daude Portugalek finantzaketa lortzeko izango duen gaitasunari buruz. Hori dela eta, posible da EBko erreskate funtsek eskaintzen dioten kreditu ildoei heltzea. Irteera hori nola gauzatuko den prestatzea dagokio orain gobernuari.

Irlandaren eta Espainiaren kasuan, bi herrialdeek atzean utzi dituzte erreskate programak 2013. urtea amaitzerakoan. Ez batek ez besteak ez dute eskatu EBren kreditu ildorik. Horrek ez du esan nahi, ordea, mailegu emaileen begirada zorrotzetik libratuko direla. Espainiak, esaterako, bi urtean behin Bruselako ikuskarien bisita jasoko du, 41.000 milioi euroko kreditutik %75 itzultzen duen arte. Erreskate funtsak, berriz, mailegu osoa itzuli arte kontrolatuko du ordainketa egiteko baliabideak dauden. Azken ordainketa, egutegiari jarraituz gero, 2027an egingo du Espainiak.

6. Zer gertatuko da EBko bankuen azterketarekin eta banku batasunarekin?

Herrialdeen erreskateak alde batera utzita, Europako Batasunean dagoen eztabaida nagusia da halako krisi bat berriro ez errepikatzeko tresnak jartzea. Bereziki, finantza erakundeen kapital gabezien eta herrialdeetako zor subiranoaren arteko lotura hautsi nahi da berriro, eta, azkenean, bankuen porrotak diru publikoarekin estali behar izatea. Prozesu horren amaieran aurreikusita dago banku batasun osoa sortzea. Alegia, EBko finantza erakunde guztiak ikuskatu, kontrolatu eta arazorik balego, diruz hornitu ala likidatuko duen sistema orokorra.

Zirriki-zarraka aurrera doa batasun hori, herrialdeen arteko desadostasunak direla medio. Haatik, sistema horren lehen harria, ikuskaritza bateratua, martxan jarriko da 2014. urtearen joanean. Horren arabera, Europako Banku Zentralak hartuko du garrantzi sistemikoa duten euroguneko bankuen kontrol zuzena. 6.000 finantza erakundetatik 130 zainduko ditu EBZk, baina horiek finantza sistemaren %85 osatzen dute.  Aurreikusita dago urrats hori 2014ko udazkenean egitea.

Ikuskaritza bateratu hori martxan jarri baino lehen, finantza sistemari orain arteko azterketarik zorrotzena egingo diote EBZk eta EBA Europako Banku Agintaritzak. Horrekin, behin betiko argitu nahi dituzte kontinenteko bankuen benetako egoerari buruz merkatuetan dauden susmoak eta mesfidantzak. Ez dituzte errepikatu nahi orain arte egindako probetako okerrak. Alegia, Irlandako edo Zipreko bankuek gainditu izana eta hilabete batzuk geroago milaka milioi euroko erreskatea behar izatea.
Azterketak hiru parte izango ditu: arriskuen ebaluazioa, aktiboen kalitateari buruzko analisia eta erresistentzia proba bat. Urte oso bat iraungo du, eta emaitzak 2014. urteko amaieran argitaratuko dituzte. Baldintza guztiak prestatzen ari da orain EBZ. Azterketaren tamainak urduri jarri ditu banku ugari. Hala, Italiak eta Espainiak legedia aldatu dute, bankuei aktibo batzuk kapital gisa zenbatzea baimentzeko. Espainiaren kasuan, 30.000 milioi euro dira estatuaren bermea jasoko dutenak.

Euroguneko krisiaren ondorio nagusietako bat kredituaren zatikatzea izan da. Herrialde jakin batzuetako enpresa eta familiei kreditua ez zaie iristen, edo garesti ateratzen ari zaie, herrialde indartsuenekin alderatuz. EBZren helburua alde hori amaitzea da. Haatik, zalantza da probaren eskalak eta iraupenak 2014. urtean kreditu horren iturria gehiago ixtea eragingo ote duen.

Esparru politikoan, berriz, Alemanian eratu den gobernu berriak, Merkelen CDUren eta
SPDren arteko koalizio handiak, Europarako duen estrategia argitu beharko da. Gainera, hauteskundeak datoz, eta batzorde berria aukeratu beharko da ondoren batasuna zuzentzeko.

7. Zeintzuk izango dira Espainiako Gobernuaren hurrengo erreformak?

Pentsio sistemaren erreforma sakon batekin amaitu da 2013. urtea. Urtez urteko ordainen igoeran eta, batez ere, etorkizuneko pentsiodunen sarietan eragin itzela izango duen moldaketa. Horrekin, hasiera batean, arlo ekonomikoan iragarritako moldaketa nagusienak bururaino eraman ditu Rajoyren gobernuak: finantza sistemarena ––aurrezki kutxen desagerpen praktikoarekin––, lan merkatuarena eta pentsio sistemarena. Hirurak, gainera, Europatik ezarri zitzaion bide orriari orpoz orpo jarraituta. Baina dantzaldia ez da hor amaituko.

Urte berria «susperraldiarena» izango dela nabarmentzea da orain gobernuaren komunikazio estrategia. Haatik, hutsaren hurrena izango da iragarritako hazkunde eskasak enpleguan izango duen efektua. Bide horretan, urrats gehiago espero dira. Hasteko, lan erreformari beste buelta bat ematea aztertzen ari da. Puntu horretan bi aldaketa etor litezke. Alde batetik, kontratu mota ezberdinak sinplifikatzea. Horren barruan, batez ere, lanaldi partzialeko kontratazioa bultzatzeko asmoa du gobernuak. Lanaldi labur horiek Alemaniako minijob (lan txiki) direlakoen espiritua jasoko dute. Azken finean, lanaldi oso bat bi lanaldi erdirekin bete ahal izatea erraztu nahi die gobernuak enpresei; horiek beren kotizazio gastuak arindu eta, bide batez, inkestetan langabeziak duen presioa murriztea bilatuko luke.

Beste aldaketa bat negoziazio kolektiboari dagokio. Lan erreformak itunetan hitzartutakoa bertan behera uzteko edo lan erregulazioak justifikatzeko aukerak biderkatu zizkien enpresei. Haatik, azken hitza epaileen eskuetan utzi zuen. Enpresen eta sindikatuen arteko gudu zelai berria, espero zen bezala, auzitegiak bihurtu dira. Epai askotan zorrotz jokatu, eta enpresen asmoak atzera bota dituzte auzitegiek. Enpresaburu elkarteak kexu dira zorroztasun horrekin, eta epaileen esku hartzeak mugatzeko exijitu diote gobernuari, legea berriro egokituta. Enpresen erabakiei aurka egiteko arrazoiak mugatzeko prest legoke PPren gobernua, formula aurreratu ez badu ere.

Lan arlotik aparte, gobernuak zerga erreforma bat aurreratu du. Zergak jaitsiko dituela agindu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak, asmo horrekin Bruselak defizita murrizteko ezarri dion egutegia kolokan jarriko balu ere.
Zerga zuzenak arautzeko eskumena Hego Euskal Herriko erakundeen eskuetan dago, baina erreformaren ondorioak pairatzeko beste bide batzuk daude. Besteak beste, errenta zergaren tasak murriztearen truke, atea ireki zaio BEZa berriro egokitzeari, hala tasa orokorrak igota nola produktu batzuei ezarritako tasa handituta. Azken aukera hori aholkatu dio behin baino gehiagotan EBk Espainiari.

Horrekin batera, beste erreforma batzuk zintzilik ditu gobernuak: aireportuen eta tren garraioaren liberalizazioa eta, aspaldi iragarrita dagoena, jaiegun batzuk egunez mugitzeko proposamena.

8. Euskal Herriko ekonomiari iritsiko zaio susperraldia?

Krisi guztiek dituzte erorketa irudikatzen duten ikurrak. Milaka enpresa eta lanpostu galdu badira ere, Fagor Etxetresnen hondoratzeak betetzen du leku hori oraingo honetan. Heldu den urtean ere ondorioak izango ditu gertatu denak. Ikusteko dago noraino iritsiko den, baina Ricardo Gatzagaetxebarria Finantza eta Ogasun sailburuak berak onartu du egindako aurreikuspen ekonomikoak baldintzapekoak direla halako eroriko baten aurrean.

Fagor alde batera utzita ere, ez dago egoera errotik aldatuko den esateko arrazoi handirik. Okerrik ezean, Hego Euskal Herriko ekonomia hazkunde positibora itzuli da 2013. urteko azken hiruhilekoan. Ziklo aldaketa gertatzeko baldintza ezinbestekoa da lurra jotzea. Horrek ez du esan nahi susperraldia azkarra eta indartsua izango denik, ordea. Gutxienez, ez dute halakorik iragartzen egin diren iragarpenek.

Bi urte eta hiru hilabete daramatza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinak hazkunderik gabe. Erorketa ez da izan 2009. urtean bezain sakona, baina bai luzeagoa. Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenek diote 2014. urtean hazkundea ez dela %1era iritsiko. Horrekin, beste 4.000 lanpostu garbiren galera kalkulatu du, batez beste, aurten galdutako 20.000 lanposturen ondotik. Kontu makroekonomikoek egindako neurketan, berriz, langabezia tasak %14 gaindituko du atzera ere. Nafarroan hazkundea %0,6 izatea espero du gobernuak, eta enplegua %1,2 murriztea (3.000-3.500 lanpostu).

Arlo politikoan, ekaitza baretu da. Zerga bilketaren aurreikuspenak hobetu dira, eta murrizketa handiagoen mamua uxatu dute, oraingoz, sektore pubikoan. Era berean, Jaurlaritzak eta aldundiek aurrekontu eguneratuak izateko akordioak itxi dituzte. Zerga sistemari buruzko eztabaida ere itxi du EAJk, PSE-EEk eta PPk lortu duten akordioak. Hasiera batean, legealdi osora hedatzeko konpromisoa duen erreforma da. Nafarroan, berriz, balizko hauteskundeen aurrerapen baten menpe geratu da egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.