Langabezia

Zortzi urtean lehen aldiz, irailean jaitsi egin da langabezia

Espainiako Lan Ministerioak gaur jakinarazi ditu langabeziaren inguruko hileroko datuak. Orotara, 196.665 langabe daude Hego Euskal Herrian. 

Lanbideren bulego bat, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). JON URBE / ARP
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 2a
11:27
Entzun

Aurreko hilabeteetan baino apalago, baina irailean ere beheranzko joerari eutsi dio langabeziak Hego Euskal Herrian. Abuztuan baino 875 langabe gutxiago daude, hain zuzen ere. Bizkaia da langabe kopurua handitu den lurralde bakarra (+110). Gainerako lurraldeetan, gutxi bada ere, behera egin du kopuruak; Nafarroan 524 herritar gutxiago daude lanik gabe, Araban 389 eta Gipuzkoan 68.

Azken urteetan irailean izandako datuak baino hobeak dira aurtengoak. Krisia lehertu arte enpleguarentzat hilabete ona izaten zen iraila, baina azken urteotan joera aldatuta zegoen. Iaz, adibidez, abuztuan baino 353 langabe gehiago zenbatu zituzten enplegu zerbitzuek; 2013an, 3.061 gehiago izan ziren; 2012an, 5.339 gehiago; 2011n, 1.764 gehiago; 3.042 gehiago 2009an eta 1.614 gehiago, berriz, 2008an.

Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopurua ere esanguratsua da. Abuztuan baino 7.346 lagun gehiago daude afiliatuta: 1.142.977. Hain justu, duela urtebete baino 25.695 gehiago.

Urte arteko aldaketari dagokionez, Nafarroan izan da beherakadarik handiena, %10,7 jaitsi baita langabezia, eta 4.963 langabe gutxiago daude hamabi hilabeteren buruan. Orotara, 19.078 langabe gutxiago daude hamabi hilabeteren buruan Hego Euskal Herrian. 

Sektorez sektore erreparatuz gero, denetan murriztu da langabezia. Abuztuko geldialdiaren ostean industrian 582 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eraikuntzan 422, eta zerbitzuen sektorean 271. Nekazaritzan ere abuztuko joerari eutsi dio, eta 350 langabe gutxiago daude sektore horretan.

Aldatzen ez dena lan kontratuen aldi baterako kontratuen eta kontratu mugagaben desoreka da. Lanean ari direnen %6,7k besterik ez du kontratu mugagabe bat. %93,3 aldi baterako hitzarmenarekin ari dira lanean.

Datuak

Araba: irail bukaeran, 25.206 langabe.

 Abuztutik, -389 (-%1,52); iazko irailetik, -2.247 (-%8,18).

Bizkaia: irail bukaeran, 87.444 langabe. 

Abuztutik, 110 (%0,13); iazko irailetik, -7.667 (-%8,06).

Gipuzkoa: irail bukaeran, 42.772 langabe.

 Abuztutik, -68 (-%0,16); iazko irailetik, -4.201 (-%8,94).

Nafarroa: irail bukaeran, 41.243 langabe. 

Abuztutik, -524 (-%1,25); iazko irailetik, -4.963 (-%10,74).

Hego Euskal Herria: irail bukaeran, 196.665 langabe.
 Abuztutik, -871; iazko irailetik, -19.078 langabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.