Kalifornia edo Greziako zor itzelaren arazoak kutsatzeko arriskua duten txerritxo ehiztariei, inork eskatu beharrik gabe, zuhurtzia komeni zaie. Eskerrak Espainiako ministro Rubalcaba ez den burtsaz jarduten. Bigarren irabazi eguna jarraian, eta 11.100 puntuz gora da Ibex-35 (+%0,84). Jaitsierak legez kanpo utzita ez daudenez, sinisgarriagoak dira gorabeherak; espekulazioaren pisua neurtzeko, gutxienez. Euroa ahultzen bada (1,33 dolarren bueltan da), atzerriko inbertsioei etekin handiagoa aterako diete Ibex-35eko tropelekoek. Iberdrolak (+%0,05) abstentzio aktiboa erakutsi zuen bere blindajeak amaitu ditzakeen lege prozeduraz. Eta igoerak, %1na pasa irabazi zuten Popular, BBVA eta Repsol-YPFren eskutik heldu ziren. Grezia ahoz aho dabil, eta ezegonkortasuna eragin zuen, aparteko berririk gabe alta. Bi erraldoiek, Santander eta Edurnezurik, %0,74 eta %0,45 irabazi zuten hurrenez hurren. 1.884 milioiren salerosketa lekuko.
Renovalia.Hedapenerako baliabideak lortzeko asmoz burtsaratzekotan diren enpresen zerrendan Renovaliak izena eman berri du. Energia berriztagarrien alorrean jarduten da enpresa, eta kapitala %25 handitzeko asmoa agertu du burtsaratzearekin. T- Solar lehiakideak duela gutxi egin bezala. Inbertsiogile handiei bideratu nahi die kapital hedatzea, ez ordea txikizkariei. Energia alorrak dituen gainsari publikoen sistema aski konplexuak zail egiten du horrelako enpresen balio zehatza jakitea. LaCaixa eta Banestok egingo lukete akzio salmenta.
Zuhurtzia eskatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu