H. D. Thoreauk esan zuenez, «alferrikakoa da esertzea idazteko oraindik ez zarenean zutitu bizitzeko». Baina burtsan hori gertatzen da; bizi aurretik, idatzi beharra. Txerritxo ehiztariek aste honetan jasoko dituzte burtsako enpresa nagusien mozkin berriak: gaur BBVAk (+%2,04), etzi Santanderrek (+%3,4) eta, etzidamu, Edurnezurik (+%1,12) jakinaraziko dute (jendaurrean idatziko) aurtengo lehen seihilekoan zenbat irabazi duten, zutitu eta zer bizi izan duten. OHL (+%5,38) eta Telecincoren (+%4,63) bizipenez harago, 2.020 milioiren salerosketa izan zen, eta Ibex-35 (+%1,47) indizeak urteko marka berria jaso zuen, beste behin ere; mozkin oparoak espero diren seinale. Euroxtoxx-50 (+%0,72) ez zen gure indizeak bezain baikor agertu, %1,9na pasa galdu baitzuten LVMH, Renault nahiz Volkswagenek; %2,44 galdu zuen Daimlerrek. Alemaniako txikizkarien eta AEBetako etxeen salmentak ere, itxuraz, zutitu dira bizitzeko; idazten dutena ikusi beharko.
Popular. Bankuak (+%2,48) 444 milioi irabazi ditu lehen seihilekoan, iaz baino %37 gutxiago. Zuzkidurak handitu eta berankortasuna %4,39an du. Espainiako eraginkortasun ratio onena du: 100 euroren irabazteko, 28 baino ez ditu xahutzen gastuetan.
Unicajasur. Eliza katolikoaren kontrolpeko Cajasur eta Malagako Unicaja batzetik sortuko den aurrezki kutxa berriak, Unicajasurrek, Sos Cuetara (-%0,68) jaki enpresan %13,92ko partaidetza izango du. Hala, CajaMadridek duen %10,5ekoa gaindituko du.
Zutitu bizitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu