Zuzendaritzak berretsi du itxi egingo duela Miranda Ebron daukan lantegia

Konpainiak argudiatu du erabaki «teknikoa» dela, tamainari lotutakoa. Sindikatuek ohartarazi dute aurrera begira ez dela bake sozialik izango

Ivan Santamaria.
Zamudio
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Langileak nahi gabeko protagonista bihurtu ziren Siemens-Gamesak inbertitzaileei enpresaren etorkizuna azaltzeko egindako jardunaldian. Marcus Tackle kontseilari ordezkaria kazetariekin prentsaurrekoa egiten ari zela, Madrilen, hitza hartu zuen enpresak kalean utzi nahi duen langileetako batek, eta Arabako mugaren parean Miranda Ebron (Burgos) daukaten lantegia ixteko arrazoiei buruz galdetu zion, zuzenean. Tacklek ez zuen atzera egin, eta argi berretsi zuen zuzendaritzak hartu duen erabakia: itxierarekin aurrera egingo dute.

Aitor Balantzategi langileak bere burua aurkeztu zuen prentsa agerraldian. Hemeretzi urtez aritu da lanean Gamesarentzat, Miranda Ebroko lantegia ireki zenetik. Lantegia ixten bada, hura eta beste 133 behargin kalean geratuko dira. Itxiera «bidegabea» dela aurpegiratu zien zuzendaritzako ordezkariei, eta gogorarazi zien familiak daudela zenbakien atzean. Halaber, azpimarratu zuen erakundeek enpresari bertan geratzeko alfonbra gorria jarri diotela. Instituzioetan jarraituko dute itxieraren aurkako borrokan. Atzo bertan aurkeztu zuten legez besteko proposamen bat Espainiako Kongresuan.

Tacklek galderari entzun zion, baina ez zuen ezer aldatu aurrez idatzitako gidoian. Erabaki «zaila» izan dela esan zuen, baina ziurtatu zuen ez duela zerikusirik konpainia egiten ari den berregituratzearekin. «Tamainari» leporatu zion erabakia: Miranda Ebroko lantegia txiki geratu zaie ekoitzi nahi dituzten haize errota modelo berriak egiteko.

Lantegia sortu zenean, 25 metroko haize sorgailuentzako palak egiten zituen. Ondoren, 40 metrokoak egiteko egokitu zen. Etorkizuna 60 metroko palak egitea da, baina ez dago horientzako lekurik, enpresaren arabera. Kontseilari ordezkariaren hitzetan, lantegia berritzeak «kostu handiegia» luke, eta ez da «alternatiba» bideragarria.

Zuzendaritzak gogoratu zuen langileei egindako eskaintza. Itxiera egingo da, baina langile guztiek izango dute lanpostu bat konpainiaren beste lantegiren batean, hala nahi izanez gero. Otsailaren 2an hasi zen erregulazioari buruzko negoziazio epea, eta 30 egun iraungo du.

Zuzendaritzak erabaki «tekniko» modura aurkeztu du lantegiaren itxiera. Langileak ez daude ados. Berregituratzea atzeko atetik egiten jarraitzeko estrategia iruditzen zaie. Atzo bertan, Siemens-Gamesako hainbat lantegitako beharginak Zamudioko parke teknologikoan (Bizkaia) elkartu ziren, eta protesta zaratatsua egin zuten, lanik gabe geratzeko arriskua duten lankideen alde.

«Ez da bake sozialik izango. Ez gara geldirik geratuko», ohartarazi zuen Iñaki Fernandez MirandaEbroko langile batzordeko ordezkariak, Zamudioko protestan. Gainera, haren ustez langileak «banatzeko» utzi nahi du zuzendaritzak auzia berregituratze prozesu orokorretik kanpo.

Hasieran, berregituratze plan horrek Hego Euskal Herrian eta Espainian 400 langile kentzea aurreikusten zuen. Gero, konpainiak 272 langile botatzeko dosierra aurkeztu zuen, baina azkenean hori kendu eta 244 behargin aterako dira, diruz lagundutako kaleratzeen bidez. Horietatik gehienak (142) euskal lantegietakoak dira. Sindikatuek kontuak egin dituzte: Miranda Ebro itxita, enpresak hasieratik desagerrarazi nahi zituen 400 lanpostuetatik gertu leudeke.

Kexu dira langileen ordezkariak. Aspaldi ari ziren esaten lantegiak ezin zuela aurrera egin C80 ereduko erroten palak ekoizten soilik. Hainbat erregulazio izan dituzte. Urte luzez, zuzendaritzak entzungor egin die eskaera horiei. Produktu egokia zela erantzuten zien. Orain, produkzioa kentzeko argudio bihurtu da: «Hiltzen utzi gaituzte orain, haientzat zaharkituta geratu den modelo batekin», kritikatu zuen Fernandezek.

Oraingoz, zuzendaritzak beste lantegi batzuetara joateko aukera baino ez die utzi negoziazioetan. «Geure hiritik aldentzea eta lanpostuak kentzea ez da irtenbide bat», sindikatuen aburuz. Madrilen entzundakoarekin ere ez ziren harritu. «Egia esan, ez die minik ematen horrela botatzeak».

Min eman die zuzendaritzak aurrera begirako negozio planari buruz iragarri duenak. «Zenbait bilioiren inbertsioak egingo dituztela hitzeman dute, baina ez dago euro bat bera ere Mirandako lantegia konpontzeko», kexatu ziren. Langileen ordezkariek onartu dute ezinbestekoa litzatekeela lantegia berrindustrializatzea, baina ez dute ulertzen enpresak zergatik egin dion uko aukera hori aztertzeari: «Dena eman dugu hemeretzi urtez. Ezin dute inolako kexurik izan gurekin», amaitu zuen Fernandezek, arranguraz.

Guztira, Siemens Gamesak 6.000 lanpostu kenduko ditu mundu osoan. Horri esker, hiru urtean 2.000 milioi aurreztuko dituela espero du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.