Zuzenguneetan

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kilometro luzeetan erreferentziarik gabe Korrika egitea gerta daiteke Erriberako zuzenguneetan. Burtsan ere izaten dira erreferentzia eta jende gutxiagoko egun luzeak. Atzo, 1.670 milioiren salerosketa izan zen, eta ozta-ozta eutsi zion bizirik zenbaki beltzak, Ibex-35aren kasuan (+%0,05). Eguna lau samar joan zen, 80 puntuko tarte estuan mugitu baitzen Ibex-35; minutu bakar batzuetan 8.000ko langaz azpitik eta, gainontzekoa, lau-lau. 13. igoera eguna jarraian, ia Korrikaren ekitaldiak beste. Igoeren lekukoa, Bilboko burtsa hartzen duen Bolsas y Mercados berak, BMEkgidatu zuen (+%3,22), bere burua aldarrikatuko balu lez. Atzetik, landen zabalera, %2na pasako igoerekin segika izan zituen Gamesa, Popular, Gas Natural eta Indrak. Kontrara, Enagas (-%5,51) eta Iberdrola (-%2,26) nabarmendu ziren, Renovablesen konpainia noblean (-%2,18). Geithnerrek erregulazio gehiago proposatu eta Wall Streetek irribarre egin zuen, lur emankorrak ikusiz.



MME. Merkataritza gutxitu egin zen iaz munduan, II. Mundu Gerratik lehen aldiz eta, jakina denez, BPGaren hazkundearekin korrelazio positiboa du; ekonomialari asko dira jada aurten munduko BPGa gutxitzea espero dutenak. Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) neurri protekzionisten hazkundea sumatu du, gainera, 2008ko irailetik, bertako kide diren 153 estatuen artean. Muga-sariak eta bestelako mugak ere handitu egin dira. G-20koen bilerari begira, Dohako erronda berpiztu beharra aipatu dute. Burtsa indizeek ere eskertuko lukete, ziurrenera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.