Binakako Orona Fundazioa Txapelketa

Azken jardunaldian erabakiko da den-dena

Laugarren jardunaldiko emaitzen ondoren, sei bikoteek lau punturen aldea dute

Juanenea eta Endikak lidertza lortu dute. ORIAMENDI2010
2018ko abenduaren 3a
11:57
Entzun

Laugarren jardunaldiko emaitzek Binakako Txapelketa oraindik eta estuago utzi dute sailkapena. Lehenengoaren eta seigarrenaren artean lau punturen aldea dago, eta, beraz, dena azken jardunaldian erabakiko da. Juanenea eta Endikak 33-40 irabazi zieten Urriza eta Larrañagari; bestalde, Ezkurra II.a eta Etxeberriak 40-28 menderatu zituzten Matxin III.a eta Ion. Garaipen horrekin, Juanenea eta Endika lidergora igo dira, 11 punturekin, beste bi bikoterekin berdinduta. Urriza eta Larrañagak zazpi puntu dituzte eta azken postuan daude. Ezkurra II-Etxeberria laugarren postura igo dira, zortzi punturekin, eta Matxin III-Ion azpeitiarrak bosgarren daude zazpi punturekin. Ezin berdinduago dago dena, eta, azken jardunaldian, lehendabiziko hiru sailkatuak azken hiruren aurka jokatuko dute. Lau sailkatzen dira finalerdietarako, eta bi kanpoan geratzen dira.

Lehenengo partidan, Juanenea eta Endikak erraz irabazi zuten, eta hamalau tantoren aldea ere eduki zuten. Ordu horretan, zail ikusten zen Urriza eta Larrañaga 26 tantora iristea, baina erantzun egin zuten, eta hurbildu egin ziren bost tantora, nahiz eta azkenean zazpigatik galdu. Puntua lortu zuten, eta oraindik ere badute sailkatzeko aukerarik. Juanenea eta Endikak sailkapena puntu bakarrera dute, eta, 32 tanto egiten badituzte, azken jardunaldian finalerdietan izango dira. Abantaila atzeko koadroetan egon zen. Aurrean, zenbaki antzekoak izan zituzten Urrizank eta Juaneneak, eta Endikaren partidak erabaki zuen emaitza.

Bigarrengo partida berdinduagoa izan zen 24-23 arte. Betiere, gorriek agindu zuten, bost tantoren aldearekin gutxi gorabehera. Tanto batera hurbildu ziren urdinak, baina 14 eta 4ko partzial batekin erabaki zen partida. Azkenean, gutxienez, puntua ez zuten galdu Matxin III.ak eta Ionek. Hor ere atzelarietan egon zen abantailarik handiena. Etxeberriak txapelketako partidarik borobilena osatu zuen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.