Urriza eta Barrenetxeak Kutxabank Torneoko 37garren edizioaren finala jokatuko dute bihar, 16:45etatik aurrera, Galarretan. Aurrelari nafarrak bere zortzigarren finala du eta sei aldiz irabazi du txapelketa nagusia. Atzelari hernaniarrak berriz bigarren finala du eta ez du txapelik lortu. 2016an bien artekoa izan zen finala eta 30-21 gainditu zuen Urrizak Barrenetxea.
Aurrelari nafarra da faborito eta bere garaipena ez den emaitza ezusteko handia izango litzateke. Bien artean sei aldiz jokatu dute eta beti lortu du garaipena txapeldunak, baita aurten ligaxkan ere 30-20.
Hernaniarrak jokoa aldatu nahi du eta bere erosotasun gunetik atera Urriza. Ez du erraza izango, iruñearrak egokitzeko gaitasun berezia duelako. Defentsa ikaragarria du eta hutsegiterik apenas egiten du. Dena ongi egin beharko du Barrenetxeak irabazi nahi badu.
Sakea beti da garrantzitsua buruz burukoan eta hori baliatzeko atzelariak pilota biziak aukeratu ditu. Aurrelariak zertxobait motelagoak ezustekorik ez egoteko jokoan. Urrizak irabaziko balu historia egiten jarraituko du eta Barrenetxearen lehendabiziko txapela ere historia litzateke, gipuzkoarren azken txapela 2007koa da eta Zeberiok lortu zuen.