Kutxabank Torneoaren ligaxkan kanporatua izateko zorian geratu zen Ansa II.a 30-23 galdu eta gero, Barrenetxea IV.ren aurka, hirugarren partidan. Bi erremontisten bigarren partida zen, eta hernaniarrak sei puntu batu ditu dagoeneko, eta bat bera ere ez urnietarrak. Horrela, bere azken partidan Endika garaitzean gain, saldiastarrak ez du punturik batu behar geratzen zaizkion bi partidetan.
Barrenetxeak pauso sendoa eman zuen, norgehiagoka berdindu batean. Hasieran, 6-0 aurreratu zen hernaniarra sakeari esker lau tanto eginda, baina berehala erantzun zuen Ansak. Errestoan min handia egin zuen, eta 12-11 hurbildu zen.
Zati horretan, markagailuan abantaila txikia egon zen bien artean, nahiz eta inoiz ez zen bi tanto baino gutxiagora hurbildu urnietarra. Barrenetxeak bi tanto horien abantailari eusten zion. 20 eta 18koan bazirudien partida edozein aldetara joan zitekeela, baina orduan gehiago asmatu zuen Barrenetxeak atzeko koadroak bilatzen. Piloteoan errebotean eduki zuen Ansa, eta hor lortu zuen sei tantoren alde baliotsua, 25-19.
Hortik aurrera, abantailari ederki eutsi zion, eta garaipena eskuratu zuen, Ansak puntu bat ere ezin lortzeraino. 24 tanto behar dira bat lortzeko, eta 27 bigarrena eskuratzeko.