Binakako Orona Fundazioaren laugarren jardunaldia hasiko da bihar, Galarretan, eta dagoeneko partidu erabakigarrietan sartu da txapelketa. Gainera, goiko postuetan dauden bi bikote izango dira aurrez aurre. Uterga eta Azpiroz Ansa II.aren eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira, eta esan liteke irabazleak finalerdietarako sailkatzea lortuko duela.
Uterga eta Azpirozek orain arte jokatutako hiru partiduak irabazi dituzte, eta lider daude, hamabi punturekin. Puntu bat nahikoa lukete matematikoki sailkatzeko; bestetik, urdinek zazpi puntu batu dituzte, nahiz eta galdutako partidu bakarrean puntua galdu zuten. Beraz, bi partidu irabazi dituzte, eta ondo dabiltza. Inork ez ditu irabazi bikote horrek adina partidu.
Gerta liteke biak sailkatzea ere. Urdinek irabazi eta gorriek punturen bat lortuko balute, bi bikoteek hamar puntutik gora izango lituzkete, eta horrek esan nahi du sailkapena eskura luketela.
Bikote sendoak dira, eta, batez ere, orekatuak, eta ikusi da bikoteka hori izaten dela askotan gakoa; bai aurrelari eta bai atzelariak ongi moldatzea eta ez bien arteko desoreka. Orain arte, Utergak erakustaldiak eman ditu, eta txapelketako aurrelaririk sendoena bezala agertu da. Ansak ez zuen lehenengo partidua jokatu eta goraka etorri da hurrengo bietan. Barrenetxea da urdinetan erremontista indartsua eta bere sakearekin eta kolpearekin min egiten saiatuko da eta Azpiroz bere bizkarrean edukitzen. Ansak abiadura ematen dio pilotari, eta, atzelariak lana errazten badio, min handia egin dezakete urdinek. Hala ere, Azpiroz oso erremontista segurua da, eta apenas galtzen duen pilotarik. Horrek gorriei abantaila handia ematen die beste bikote askorekiko; gainera, aurrean Uterga bezalako errematatzaile sutsua izanda.