Sagardoaren Txapelketako ligaxka asko argitu da bigarren jardunaldiko bi partiduak jokatu eta gero. Segurola eta Endikak irabazten jarraitzen dute eta finalerako ia sailkaturik daude. Petritegi ordezkatzen duen bikoteak 26 tanto egitearekin nahikoa du, azken jadunaldian, finalean egoteko. Gainera partidu hori aukerarik gabe dagoen Oialume Zarreko Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka dute.
Urriza eta Zalduak (Gaztañaga) 40-32 garaitu zituzten Goikoetxea eta Barrenetxea txapelketako finaletik kanporatuz. Bi punturekin ez dute sailkatzerik. Bai ordea Gaztañaga ordezkatzen duen bikoak. Azken partidua Ezkurra II eta Garcesen aurka jokatuko dute. Bi bikoteek seina puntu dituzte eta irabazlea finalerako sailkatuko da. Ezkurra II eta Garces (Gurutzeta) 36 tantotan geratu dira Segurola eta Endikaren aurka eta hauek zortzi punturekin sailkapena eskura dute.
Bi partiduak izan ziren lehiakorrak. Endika nabarmendu zen lehenengoan eta Zaldua bigarrenean. Bi bikote gorriek agindu zuten eta nahiz eta urdinak saiatu eta momentu askotan gertu egon, beti atzetik joan ziren amaieran aukerak galduz, batez ere Goikoetxea eta Barrenetxeak. Ezkurra II eta Garcesek beste aukera bat iznago dute azkenengo partiduan.