Erremontea-Buruz Burukoa

Urrizaren garaipen estuak gehiago ireki du Buruz Burukoa

Aurrelariak 30-27 irabazi dio Barrenetxea IV.ari, eta sei puntu ditu sailkapenean, bi partida jokatu ostean. Atzelari hernaniarrak hiru ditu, eta oraindik badu aukerarik.

Kostata, baina bere lehenengo garaipena lortu du Urrizak ligaxkan. MAIALEN ANDRES
2018ko abuztuaren 20a
13:52
Entzun

Kutxabank Torneoko ligaxka inoiz baino estuago eta zirraragarriago doa. Hiru partida jokatu dira, zein baino zein berdinduagoa. Azkenengoan, Urrizak 30-27 garaitu zuen Barrenetxea IV.a, eta sailkapenean dena zabalik geratu da. 

Urrizak sei puntu ditu bi jardunaldiren ostean, eta Barrenetxeak, hiru. Gainera, Uterga eta Endikak launa dituzte, lehenengo partida irabazi eta gero. Asteartean jokatuko dute beren artean bigarren jardunaldiko azken partida. Garaileak finalerdietarako pausoa emango du, gutxienik. Hala ere, emaitzaren zain egon behar da jakiteko azken jardunaldian bakoitzak zer behar duen finalera edo finalerdietara sailkatzeko. 

Urriza eta Barrenetxearen arteko lehia ederra eta ikusgarria izan zen. Aurreko bi partidak bezala, emozioa bukaeraraino mantendu zen, eta zaleek ederki gozatu zuten Galarretan. Barrenetxeak hasiera hobea izan zuen sakea baliatuz, eta 3-7 eta 12-15 aurreratu zen, baina Urrizak berehala ematen zion erantzuna, eta baita zazpina eta hamabosna berdindu ere segituan. 

Urrizak 19-17koan lortu zuen lehenengo aldiz bi tantoren aldea. Ordu arte, atzetik, berdinduta edo tanto bakarrarengatik egon zen aurretik. Barrenetxeak zabaletik ongi atera zuen, baina hiru sake jarraian egin zituen txokotik, bi kanpora bota zituen eta tanto bakarra lortu zuen. Huts horietaz baliatuz, Urrizak lau tantoren aldea lortu zuen, 26-2; hala ere, Barrenetxeak berriz hurbiltzea lortu zuen, 28-27, baina berandu zen. Azken bi tantoak Urrizak egin, eta garaipena Iruñera joan zen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.