Utergak 30-28 irabazi dio Barrenetxeari Kutxabank Torneoko ligaxkaren azken partidan. Emaitza horrekin, Doneztebeko aurrelaria sartu da zuzenean finalera; Barrenetxea, berriz, ez du lortu finalerdietarako sailkatzea.
Hona hemen ligaxkako sailkapena: Utergak 12 puntu, Urrizak 10 puntu, Endikak 5 puntu, eta Barrenetxeak 5 puntu. Azken bi sailkatuak berdinduta geratu dira, baina Endikak irabazi zuen bien arteko norgehiagoka, eta, beraz, hark segitu du aurrera.
Uterga eta Barrenetxearen artekoak denetarik izan du. Hasieran, Barrenetxea izan da nagusi piloteoan, eta, horri esker, hiru eta lau tanto arteko aldeak izan ditu. Errazago joan zitekeen, baina errestoarekin ez du asmatu, eta partida ez da hautsi.
Uterga 10-13 ari zen galtzen, eta, piloteoan hobeto jokatzen hasi denean, guztiz irauli du markagailua. Pixkana-pixkana partidan sartuz joan da, eta, 11-1eko partziala eginda, 22-14 jarri da aurretik. Alde handia. 27. tantoa egin eta finalerako sailkatu da, tanto kopuru hori behar baitzuen bertan egoteko. 27-20 aurretik zen aurrelaria, eta Barrenetxeak orduan hasi du berriz goranzko bidea. 27-23 eta 29-28 hurbildu da, eta bi tantora zuen sailkapena, baina, azken sakea egin eta gero, Utergak errestoan amaitu du partida, 30-28.