ALDERDIAK

'Ahal Dugu-Orain Bai' izena hartuko dute Ahal Dugu-ko kritikoek Nafarroako Parlamentuan

Idoia Tajadura legelari nagusia kargutik kendu du parlamentuko mahaiak.

Nafarroako parlamentuko mahaia, gaur goizean. IñIGO URIZ / FOKU
2018ko abuztuaren 3a
14:57
Entzun

Nafarroan Ahal Dugu-k izan dituen iskabilen ostean, alderdiko parlamentari kritikoek izen aldaketa eskatu dute. Ahal Dugu-Orain Bai izena proposatu dute Laura Perez, Carlos Couso, Ruben Velasco eta Fanny Carrillok. Proposamena aurrera atera da: PSNk ezezkoa bozkatu du, eta UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak, baiezkoa. Izen aldaketa gaur egin den Bozeramaileen Mahaian onartu da.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusi Idoia Tajadurak kargua uztea proposatu zuen ganberako presidente Ainhoa Aznarezek. Tajadurarengan "konfiantza" galdu zuela esanez justifikatu zuen. Gaurko bilkuran, kargugabetzea aurrera atera da, Aznarezen, Unai Hualde (Geroa Bai) eta Maiorga Ramirezen (EH Bildu) aldeko botoei esker. UPNko Alberto Catalan eta Maribel Garcia Malok ezezkoa bozkatu dute.

Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohia alderditik kanporatzeak ekarri zuen Ahal Dugu-ko barne eztabaida. Izan ere, barne batzordearen arabera, alderdiaren kode etikoa, estatutuak eta barne araudia "larriki" urratzeagatik bota zuten Perez. Perezek salatu zuen bere burua defendatzeko eskubidea urratu ziotela, eta zalantzan jarri zutela bere hitza.

Erabakiak Madrilen edo Iruñean hartu behar ziren izan zen kanporatzeko beste eztabaidagaietako bat, eta alderdiarekin kritiko agertu ziren Causo, Velasco eta Carrillo ere. Azkenerako, laurak geratu ziren alderditik kanpo, eta, parlamentuan parte hartzen jarraitu badute ere, izena aldatzea erabaki dute.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.