Arrantzale ontzi batek eman dio abisua Aita Mari erreskate ontziari, eta 06:00 inguruan heldu da zurezko ontzi txiki baten ondora. 105 gizonezko zeuden bertan, horietako bi adingabeak. Ontziko arduradunek jakinarazi dutenez, lehen azterketaren arabera onik zeuden denak; nekea eta makatu batzuk zituzten. Maltako Gobernuari abisatu diote, baina ez dute erantzunik jaso.
IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, aurten 1.179 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan Europara iritsi nahian. Horrez gain, SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, 39.694 pertsona seguruak ez diren portuetara eraman dituzte kostazainek, erreskateak burutu ondoren.
Gobernuz kanpoko erankunde horren parte da Aita Mari ontzia, eta azaldu dute portu seguru bakarrak Italia eta Maltakoak direla, eta Libian, aldiz, ez dagoela babesik: «Europako agintariei eskatzen diegu gune honetako erreskateetaz arduratzeko, eta Libia finantzatzeari uzteko. Kostazainek migranteak hara eramaten dituzten bakoitzean argi geratzen da Libiak ez daukala giza eskubideak errespetatzeko asmorik».
Horrez gain, dei egin dute «pasarela humanitarioak» sortzera, «Libiako infernuan harrapatuta» dauden pertsonei migrazio seguru bat bermatu ahal izateko.