Mediterraneoan erreskatatutako 78 pertsona daramatza Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak. Denboralea aurreikusi zuten, eta jadanik Italiara bidean ziren lehorreratzeko baimena iritsi zaienerako. Halere, Daniel Rivas Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak esana zuen ez zirela Italiako uretan sartuko baimenik gabe. GKEak astelehen goizaldean eman du berria: geldi daude, baina badute helmuga. Itsasoa baretuz gero, bihar goizeko seietan abiatuko dira Pozzalloko portura.
Itsasontzia ahalik eta azkarren lehorreratzea komeni da, itsasoaren eta tripulatzaileen egoeragatik. Horregatik, orain dauden lekutik gertu —Catania eskualdean— dagoen porturen batera joateko baimena eskatu diote Italiako Gobernuari. Kostatik sei milia eskasera zeuden gaur goizean, eta lehorreratzeko moduko bi portu daude badia horretan. Erantzunik jasotzen ez badute, bihar goizaldera arte itxaron beharko dute. Iñigo Gutierrez Aita Mari-ko kideak bideo batean azaldu duenez, «baikor» daude, «guztiak portu seguru batera ahalik eta azkarren heltzeko gogoz». Migratzaileak ez nahasteko, berria ez diete berehala eman, baina jada jakinaren gainean daude guztiak.
ð;ÂÂ;Â;ŸÂ”´ð;ÂÂ;Â;ŸÂ”´ UPDATE #AitaMari1
— maydayterraneo (@maydayterraneo) November 25, 2019
Esta es la reacción cuando comunicamos a los invitados que tenemos permiso para desembarcar en #Pozzallo.#Boza!!
Hermanos y hermanas, ponemos rumbo a tierra segura. Atrás queda el sufrimiento en #Libia y en el mar.#FuimosRefugiados#SeamosRefugiopic.twitter.com/afmpYIQFLT
GKEak larunbatean adierazi zuen denborak aurrera egin ahala itsasontzian doazen errefuxiatuen osasun egoera «konplexuagoa» izan daitekeela. Ostegunean egin zuten erreskatea: txalupa batean zihoazen 78 pertsona hartu zituzten ontzian, eta berehala eskatu zuten portu seguru bat. Azken egunetako denboraleak zaildu egin ditu maniobrak, eta zailtasunak izan dituzte migratzaileak seguru eta babestuta edukitzeko. Argi zuten hasieratik Italian edo Maltan behar zutela lehorreratu, ez zirela «inondik inora ere» joango Libiara. Azkenean, Italiako Gobernuak eman die baimena. Ez haiei bakarrik, gainera: Ocean Viking ontziko 213 migratzaileak han lehorreratu dira, eta Open Arms ere bidean da, 62 errefuxiaturekin.
Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEena da Ocean Viking ontzia. Iragan asteko asteartean eta asteazkenean hainbat erreskate operazio egin zituzten, eta 125 pertsona hartu. Ostegunean, beste 90, Libiako kostatik 150 kilometrora, nazioarteko urtean. Ostiralean, haurdun zegoen emakume bat eta gizon eri bat ebakuatu zituzten, Maltara eramateko.
Open Arms-ek Aita Mari-ren antzeko bidea egin du; hango migratzaileen egoera «kritikoa» da. Ostegun goizaldean 73 errefuxiatu jaso zituzten, eta lehorreratzeko baimena nork emango zain zeuden. Atzo, «premiazko ebakuazio bat» egin zuten, eta 11 pertsona atera zituzten. Itsas Salbamendu Humanitarioak adierazi zuen beste bi ontziekin koordinatuta hartu zutela larunbatean Italiarantz joateko erabakia.
Gutierrezek egun hauetan mediterraneo itsasoan bizitzen ari direnaren berri ere eman du ETBko En Jake saioan. Haren arabera, migratzaileen itsasontzi askok uko egin diote Europarako bideari ekiteari, denboralearen ondorioz, baina «milia askotako eremuan ez dago erreskate ontzirik, eta informazio falta nabaria da». Ostegunean, adibidez, 94 pertsonako itsasontzi baten bila jardun zuten Aita Mari-k eta Open Arms-ek, baina ez zuten aurkitu. «Litekeena da desagertuta egotea», esan du Gutierrezek.
Migratzaileak banatzeko
Irailean, Mediterraneoan erreskatatutako pertsonak automatikoki banatzeko akordio bat sinatu zuten Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Maltak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ETBri adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari eskatu ziola Espainiak ere bat egin zezan akordio harekin, Aita Mari ontziaren egoerari irtenbide bat emateko «funtsezko pauso bat» delako, haren ustez. Sanchezek erantzun zion baietz, itunarekin bat egingo dutela, eta Aita Mari-k portu segurua izan zezan negoziatzen ari zela. Irailean, Espainiak ez zuen akordioa sinatu, argudiatuta etorkin gehien jasotzen duen bigarren herrialdea dela Europa hegoaldean.