1996an Irunen eta Hondarribian alarde parekideen aldeko aldarria ozentzen hasi zenetik sortu zen gatazkari buruzko liburua ondu dute BERRIAko kazetari Maite Asensio Lozanok eta Arantxa Iraola Alkortak: Alardea, ukatutako plazara. Edukiz betetako istorio bat da. Izan ere, kontrakotasun handia eragin zuen eskakizun hark; gizarte haustura ekarri zuen, eta jazarpena bortitza ere bai aldaketaren aldekoen aurka. 80 lagunetik gora elkarrizketatu dituzte; auzian ahalik eta sakonen murgiltzeko ahalegina dago elkarrizketa horietan. Aldarriaren sustatzaileak, urteotan ardura politikoak izan dituzten agintariak, gaia ikertu duten antropologoak... Tankera askotako solaskideen hitzak daude bilduta. Bihar BERRIAn liburuaren lehen ahapaldiak irakurri ahal izango dira.
Heldu den aste honetan aurkeztuko dute liburua: ostegunean, Donostiako Elkar dendan. Hilaren 23an, berriz, Irunen egingo dute aurkezpena, udal liburutegian.