EUSKAL PRESOAK

'Ametsetatik ekintzetara' lelopean, Etxerat-en nazio batzarra igandean

Azken urtearen balantzea egin eta aurrera begira egin beharreko lanen planifikazioa aurkeztuko dituzte.

Gaurko prentsaurrekoa. ETXERAT
Maialen Unanue
2016ko martxoaren 17a
08:13
Entzun

Azaldu dutenez, azken batzarretik "erabaki garrantzitsuak" izan dira salbuespeneko espetxe politiken aurka, "bai politikoak, bai instituzionalak": "Horrek egungo egoeraren eta hemendik aurrera burutu beharko dugun lanaren inguruko balorazio sakon bat eskatzen du".

Euskal preso eta iheslari politikoekin lotura duen "edonor" gonbidatu dute igandeko batzarrera. Hamabost urte bete ditu elkarteak, eta nabarmendu dute ibilbide horretan "erasoak, kriminalizazio saiakerak eta zentsura" pairatu dituztela, baina ez direla sekula "oztopo" izan euren jardunean jarraitzeko. Egoera politikoa aldatu dela gogoratu dute, baina ez da hala izan haientzat: "Oraingo egoera ez da duela hamabost urte zegoen berdina; gurea zein gure senide kartzelatuena da berdin jarraitzen duena, ordea. Zigor gehituaren eta oinazearen parametroetan enkistatua, oraindik". Azaldu dutenez, hausnarketa sakon eta arduratsua eskatzen du horrek, eta hori izango nazio batzarraren abiapuntua.

Leloa, Ametsetik ekintzetara euren lanean zein alderdi politikoenean sinisten dutelako hautatu dutela azaldu dute: "Konfiantza dugulako ametsetatik bake errealitate batera igarotzeko beharrezko pausoa emateko". Nazio Batzarra giza eskubideekin, konponbidearekin eta bakearekin duten konpromisoa “berraktibatzeko espazioa” izango dela nabarmendu dute prentsaurrean: "Salbuespenezko politikak desaktibatzea —dispertsiotik eta larriki eri diren presoak espetxetik ateratzeko ukapenetik hasita—, lehendabiziko pausoa eta garrantzitsuena da. Beste behin ere, dispertsioari stop!".

Preso politikoen senide eta lagunak ez ezik, eragile politiko, sozial eta sindikalak ere gonbidatu dituzte batzarrera. Gasteizko Europa Jauregian izango da, igandean, 10:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.