'Bidegi auzia'

'Bidegi auziko' instrukzio fasea bost urte luzatu du epaileak

Delitu zantzuak ikertzeko denbora "gehiago" behar duela argudiatu du, kasuaren izaera "konplexua eta teknikoa" delako; fiskalak egin du epea luzatzeko eskaria, peritu frogak ez direlako egin. EH Bildu pozik agertu da erabakiarekin, epaileak sinesgarritasuna eman dielako bi kereilei.

AP-1 autobidea, Eskoriatza parean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
ander perez zala
2017ko ekainaren 14a
07:17
Entzun

Bidegi auzian pertsonatuta dauden EH Bilduko hiru batzarkideek —Judit Garcia, Iban Asenjo eta Jon Albizuk– auzia erabat argitzeko konpromisoa berretsi dute, gaiak eskatzen duen "seriotasuna eta zuhurtzia" eskainiz. Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote arduraz jokatzeko, eta "oztoporik ez jartzeko" AP-1 autobidearen obretan egondako ustezko irregulartasunak argitzerakoan.

Autoan, peritu frogak egiteko beharraz ohartarazi du fiskalak. Epaileak gehienez 2022ko ekainaren 6ra arte luzatuko du instrukzioa, baina fasea epe hori amaitu aurretik bukatu daiteke. Apelazio helegitea aurkezteko epea hiru egunekoa da.

Asenjok gogorarazi du 30 milioi euro inguruko ustezko diru xahuketa aurkitu zuela aldundiko aurreko gobernuak —Bilduk—, alegia, eraikuntza enpresei behar baino gehiago ordaindu zietela. Hala, bi kereila jarri zituen koalizio subiranistak, diru publikoaren erabilera okerra argitzeko.

Epaitegiak delitu zantzuak ikusi zituen: bi salaketak onartu zituen eta bost pertsona daude inputatuta, tartean Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti eta obretako bi enpresetako kide bana.

Bilduk bi kereila aurkeztu zituen, eta biei buruzko txosten bana eginak ditu egungo aldundiak. Hala, bi ikerketa kontrajarri ditu mahai gainean auziko epaileak. Bata, obren irregulartasunei buruzkoa, eta bestea, txosten horren irregulartasunei buruzkoa.

Bidegiri buruzko ikerketa batzordean, Markel Olanok eta Eneko Goiak berretsi zuten ordaindutako lan guztiak eginak zeudela. Salaketa eta batzordea ezker abertzalearen estrategiatzat jo zituzten, baina, EH Bilduren ustetan, gaurko albisteak frogatzen du "oinarririk gabeko akusazioa" egin zutela bi agintari jeltzaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.