Alderdien bilakaera

'Bigarren itzulia', PP-UPN eta PSE-PSNren mesederako

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatu izana soilik PP-UPN eta PSE-PSNren mesederako izan da Hego Euskal Herrian. Alderdi hauek bakarrik lortu dituzte abenduko emaitzak hobetzea.

Pello Urzelai.
2016ko ekainaren 28a
12:25
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatu izana soilik PP-UPN eta PSE-PSNren mesederako izan da Hego Euskal Herrian. Alderdi hauek bakarrik lortu dituzte abenduko emaitzak hobetzea. Alderdi abertzaleen kalterako izan da, baita Elkarrekin Ahal Dugurentzat ere. Parte hartzeak behera egin du lau herrialdeetan, eta horrekin batera botoak galdu dituzte EAJk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Elkarrekin Ahal Duguk, neurri ezberdinetan bada ere. Erlatiboki begiratuta, gehien galdu duena Geroa Bai izan da: 16.353 boto galdu ditu (%53,36). EH Bilduk, berriz, 35.033 boto galdu ditu abendutik ekainera (%15,98). EAJk 16.101 boto galdu ditu (%5,05). Eta, azkenik, Elkarrekin Ahal Duguk 21.135 boto gutxiago izan ditu (%4,49).

Herriz herriko mapak gorabeherak non izan diren erakusten du. Alderdi bakoitzak bere mapa dauka, bakoitzak bere berezitasunekin.

Elkarrekin Ahal Dugu: herri batzuetan behera, beste batzuetan gora

Elkarrekin Ahal Duguren mapa kontraesankorrena da. Herrialde guztietan, 2015eko abenduan (Ahal Dugu eta Orain Batera batuta) baino boto gutxiago bildu ditu Elkarrekin Ahal Duguk ekainean: Araban, - 3.625; Bizkaian, -10.589; Gipuzkoan, -5.732 eta Nafarroan-1.189. Hala ere, lau lurraldetako herri askotan boto gehiago eskuratu ditu. Populazio handiko herri batzuetan galera izateak azaltzen du azken emaitza: Bilbo (-%7,86), Gasteiz (-%8,67), Donostia (-%7,86), Irun (-%14,20), Tutera (-%19,34),...

 

EAJ-Geroa Bai: koxka txikia EAEn, kolpea Nafarroan

EAJ eta Geroa Bai alderdiek behera egin dute herri gehienetan. EAJren kasuan intentsitate gutxiko beherakada izan da herri gehienetan (herri txiki batzuk kenduta). Joera nagusitik aldendu da zenbait herritan, baina kasu gehienetan populazio txikikoak (Altzo, Lenitz Gatzaga, Armiñon, Guardia,...).

Geroa Bairen kasuan beherakada ia orokorra izan da, Nafarroako herri gehienetan %20koa baino handiagoa izan da, eta horietan askotan %50tik gorakoa. Iruñean, adibidez, -%52,81ean egin du behera 2015eko abenduko emaitzekin alderatuta.

 

EH Bildu: jaitsiera orokorra, Nafarroan salbu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia herri guztietan egin du behera EH Bilduk, intentsitate ezberdinez. Nafarroan, aldiz, joera nagusia galera izan bada ere, hainbat herritan hobetu ditu abenduko emaitzak (adibidez, Sesma, Mendavia, Valtierra, Garralda, Lantz,...). Dena den, Nafarroako toki esanguratsu batzuetan galera garrantzitsuak izan ditu: Iruñean, -%10,41, Tuteran, -%10,96, Tafallan, -%20,70...

Beste lurraldeei dagokienez, deigarria da Arabako hainbat herritan izandako beherakada: Gasteizen - % 27,19, Amurrion - %25,05, Laudion -%21,46, Agurainen -%17,47,... Bizkaian, galera garrantzitsuak izan ditu, adibidez, Bilbon - %19,48, Barakaldon - %21,34, edo Igorren -%22,28. Gipuzkoan, berriz, galera leunagoa izan da (%20ko galera herri gutxitan gertatu da), baina herri populatuetan jaitsierak garrantzitsuak izan dira: Donostian -% 16,80, Errenterian -%17,65, Eibarren -%19,49, Irunen %15,36,...

 

PSE-PSN: gorabeheratsua

Alderdi sozialistaren kasuan joera orokorra gorantz izan bada ere, herriz herriko mapak erakusten du gorabeheratsua izan dela, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, herri gehienetan hobetu ditu aurreko hauteskundeetako emaitzak.

 

PP-UPN: gora herri gehienetan

PP eta UPN-PPren mapan emaitza positiboak nagusitzen dira herri gehienetan. Salbuespenak salbu, igoera gehienak neurri gutxikoak. Emaitza hoberenak Nafarroan lortu ditu UPN-PP koalizioak, nahiz eta hiri nagusietan hobekuntza moderatuak lortu: Iruñean %3,74, Tafallan % 6,62 edo Tuteran %11,70.

Igoera handienak (%20tik gora) Bizkaian bildu ditu PPk, kasu gehienetan herri txikitan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.