Feminismoa

'Bortxatzaile bat zure bidean' koreografia egin dute Iruñean

Indarkeria matxistaren kontrako aldarriak Txilen du jatorria, eta Euskal Herrira ere iritsi da.

Iruñeko udaletxe plazan dozenaka emakume elkartu dira. VILLAR LOPEZ / EFE
2019ko abenduaren 14a
23:53
Entzun

Ehunka emakumek Bortxatzaile bat zure bidean izeneko koreografia feminista egin dute Iruñean, feminizidioaren eta indarkeria matxistaren kontra protesta egiteko. Koreografia edo performance horrek Txilen du jatorria, eta Las Tesis talde feminista txiletarrak sortu zuen, orain urtebete baino gehiago. Indar hartu du Sebastian Piñera Txileko presidentearen gobernuaren kontrako protesten harira, eta oso denbora laburrean mundu osora hedatu da.

Gaur eguerdian Iruñean egin dute ekitaldia, udaletxe plazan. 13:30ean, dozenaka emakume elkartu dira. Ez dute soilik emakumeen aurkako indarkeria salatu, Txilen gertatzen ari diren «giza eskubideen urraketak» ere gaitzetsi dituzte. Piñerari eskatu diote kargua uzteko, eta «hiltzailea!» ere oihukatu diote. Mariela Diazek, ekitaldian parte hartu duten emakumeen izenean, adierazi du: «Ez gara isilduko. Munduak jakin dezala Txilen tirano bat dagoela, manifestatzen den jendea hiltzen duena».

Iruñerrian bizi diren txiletar batzuek hasi ziren gaurko ekitaldia antolatzen; gerora beste migratzaile talde batzuk eta talde feministak batu zaizkie. Ahotsa.info atariak eta Hamaika telebistak grabatu dute Iruñeko ekitaldia:

Herrialde bakoitzean, bertako hizkuntzara egokitu dute performancean erabiltzen den kantuaren testua, eta euskarara ere ekarri dute. Iruñean, larunbat honetan, euskaraz eta gaztelaniaz egin dute performancea. Hori baino lehenago, joan den astean, Baztango feministek Berako herriko plazan (Nafarroa) egin zuten koreografia. Haiek itzuli dute. Honako hau da letra euskaraz:

Patriarkatua juez
Epaitzen gaituna sortzez
Ta gure zigorra Bortxa,
nahiz ikusi nahi ez.
Patriarkatua juez
Epaitzen gaituna sortzez
Ta gure zigorra Bortxa,
ikus liteke errez.
Feminizidioa.
Zigorgabe ni hiltzen nauena.
Desagertzen gaituzte.
Ta bortxatzen gaituzte.

Ta errua ez zen neria,
ez non nengoen,
ez nola jantzia (lau aldiz)

Bortxatzailea nor zen? Zu!
Bortxatzailea nor da? Zu!

Txakurrak dira.
Epaileak.
Estatua.
Presidentea.
Estatu zapaltzailea.
Harro ta bortxatzailea.
Estatu zapaltzailea.
Arra ta bortxatzailea.
Bortxatzailea nor zen? Zu!

Bortxatzailea nor da? Zu!

'Duerme tranquila niña inocente,
sin preocuparte del bandolero,
que por tus sueños dulce y sonriente
vela tu amante carabinero'.

Bortxatzailea nor da? Zu!

Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere ari dira Bortxatzaile bat zure bidean performancea egiten, eta aurki Bilbon ere egitekoak dira. Bideoan, Beran joan den astean egin zuten ekitaldia:

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=iRuiaIX79JU[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.