Halaxe jakinarazi du gaur goizez Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuak aurkezteko agerraldi batean. Uriartez gain, han izan dira Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia eta Aitor Albizu Durangoko Berritzeguneko aholkularia ere.
2016-2017ko ikasturtean, 443 kasu aztertu zituen Hezkuntza Ikuskaritzak, eta adierazi dute horietatik 86 izan zirela jazarpen kasuak; hau da, kasuen %19,4. Beherakada nabarmena da aurreko ikasturtearen aldean; izan ere, 121 izan ziren 2015-2016ko ikasturtean. Bigarren Hezkuntzan izan ziren kasu gehienak, 86tik 57 (%66). Lehen Hezkuntzari dagozkio gainerako 29ak, bereziki etapa horretako azken urteari.
Eraso motari dagokionez, gehienak bazterketa eta marjinazioari dagozkie (%48,8). Ondoren, hitzezko erasoak (%20,9), eraso fisiko zuzenak (%13,9), mehatxuak (%8,1), bestelakoak (%4,6) eta jazarpen sexuala (%3,4) daude.