Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran hedabideko arduradun ziren hainbaten testigantzak bilduko ditu dokumentalak. Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria zenak, Iñaki Uria kontseilari ordezkariak eta Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko lehendakariak itxiera nola bizi izan zuten kontatuko dute.
Guardia Zibilak atxilo eraman zituen hirurak, beste zazpi lagunekin batera. Bost egun eman zituzten Guardia Zibilaren ardurapean inkomunikatuta, terrorismoaren kontrako legedia aplikatuta. Otamendik eta Uriak inkomunikazio egun horien gaineko bizipenei buruz hitz egin dute. Biek salatu zituzten torturak, beste zenbait atxilotuk egin bezala.
Egunkaria-ren auzian atxilotutakoek salatu dute polizia operazioak helburu sakonagoak zituela, hedabidearen itxieratik harago.
Horrez gain, Torrealdairen seme-alabek egun horiek nola bizi izan zituzten kontatu dute. Garazik eta Manexek hamar eta hamabi urte zituzten orduan, hurrenez hurren. "Bizitzako esperientzia okerrena" izan zen hura, haien esanetan. Imanol Kerejeta Torrealdairen psikiatraren testigantza ere jaso du dokumentalak.
Garazi Torrealdai Egunkaria sortu zen urtean jaio zen, baita Miren Amuriza bertsolari eta BERRIAko kolaboratzailea ere. Amurizak dokumentalean azaldu du gertutik bizi izan zuela Egunkaria-ren itxiera.
Bestalde, euskal hedabideen egoerari buruzko iritziak bildu ditu lanak Nerea Azurmendi, Iñaki Soto, Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza kazetarien eskutik.
EITBren webgunean ikus daiteke dokumentalaren aurrerapena.