Erorien Haranean (Madril, Espainia) izan zen Roser Olive gaita jotzaile katalana. Gaita atera, eta Els segadors Kataluniako ereserki nazionala jotzeari ekin zion. Bideoan grabatu zuen, eta sare sozialetan zabaldu; 58 milioi aldiz ikusi da bideoa ordu gutxian, eta Kataluniako hedabide nagusiek ere jaso dute.
Olivek azaldu du Erorien Haranean "lurperatuta jarraitzen duten katalanen omenez" jo zuela ereserkia: "Ez zaituztegu ahaztuko. Gora askatasuna!".
Adituen arabera, Erorien Haranean ia 34.000 gorpu daude lurperatuta; frankistenak dira gehienak. Gainontzekoek ezezaguna etiketa daramate: errepublikanoenak dira. 1959tik 1963ra bitartean eraman zituzten hara gorpuak. Baita Hego Euskal Herritik ere: Arabako 616 lagun, Gipuzkoako 238, Bizkaiko 212 eta Nafarroako zazpi.
Oroiteria, BERRIAren webgune berezia
Aurten, 80 urte bete dira 1936ko gerraren abiapuntu izan zen estatu kolpea egin zutela, eta gerra hari buruzko webgune berezia egin du BERRIAk: Oroiteria. Bost ataletan, 36ko gerra bera ez ezik, hari buruzko guztia jasotzen da Oroiteria webgunean. Amagoia Iban kazetariak koordinatutako lan horrek bost atal nagusi ditu, gaur-gaurkoz, eta seigarren atala izango du udazkenean.